GARA > Idatzia > Kolaborazioak

EEP eta besteak, euskaldunoi iruzurrik ez!

Eskolak Euskal Herriko haur gehienak ez ditu euskalduntzen. Ipar Euskal Herrian hogei ikasletik bat soilik euskalduntzen du

Ibai Redondo eta Edurne Larrañaga | Euskal Herriak bere eskola

Azken aldian bolo-bolo dabil eskolak euskalduntzearen gaia eta Eusko Jaurlaritzak egin beharreko proposamena. Ez diogu guk garrantzia kenduko, ez eta hurrik eman ere. Hala ere, ixil-mixilean pasa berri den beste erabaki bat ere ekarri nahi dugu gogora, Euskararen Erakunde Publikoak publiko egindako proposamena.

2004an Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoan euskara eta euskal kulturaren gainean jarduteko Frantziako Gobernuak sortutako erakundea da EEP. Egin berri duen proposamen garrantzitsuenetakoa Hizkuntza Politika da. Hainbat arlotarako proposamenak jasotzen ditu. Guk hezkuntzari dagozkionak aipatuko ditugu soilik.

Jakinekoa da eskolak (inposatutako hezkuntza sistemak) Euskal Herriko haurren gehiengoa ez duela euskalduntzen. Ipar Euskal Herrian 20 ikasletik bat soilik euskalduntzen du. Egoera horri buelta emateko aldaketa sakonak ezinbestekoak dira. Tamalez, EEPk eginiko proposamenak ez du horrelakorik jasotzen. Hainbat neurri proposatzen dituen arren, ganorazko hizkuntza politika batek jaso beharko lituzkeen ezinbesteko hainbat ez da ageri:

1. Lege babesa. Euskararen ofizialtasuna jasotzen ez duen proposamenak nola irauliko du egoera jasanezin hori?

2. Eskola euskalduna. Hainbat ereduren artean aukeratzeko proposamena egiten da, eta gaurko egoera errepikatzea esan nahi du horrek. Ikasleek euskara ezagutuko badute, osoki euskalduna izango den eredu bakarra, murgiltze eredua, behar da hiru herrialde horietan ere.

3. Baliabideak. Hizkuntza politika orok, euskara putzu sakon eta ilunetik ateratzeko bada are eta gehiago, bitarteko ekonomiko eta pertsonal aski eduki behar du. EEPrenak ez du horrelakorik.

Proposamen horri Hizkuntza Politika deitu dakioke? Gure uste apalean Frantziako Gobernuak betiko lepotik du burua. Euskara desagerrarazteko politika bera darabil hamarkada luzetan: iruzurra, amarrua, ogi apurrak, amua, errepresioa... Egoera horren aurrean bi egiteko nagusi ditugulakoan gaude:

1. Euskaldunduko duen eskola eraiki. Ikastolen zein eskola publiko euskaldunen sorrera eta garapenaren kasuan bezala, herritarrak eta eragileak protagonista nagusi izango diren egitasmoa urgentziaz martxan jarri beharra dago, ezin dugu EEP edo gainontzeko instituzioen proposamenen zain egon. Egitasmo konkretu horretan ahalik eta eragile gehienen parte hartze eta adostasuna behar-beharrezkotzat dugu. Euskal Herri osoan aplikagarria, neurri eta konpromiso zehatzak jasoko dituena. Zorionez, gure herriaren biziraupen eta garapenerako 06ko Nazio Eztabaidan bide horri ekin zitzaion.

2. Instituzioak presionatu. Guk dagoeneko ez dugu instituzioetako arduradunen borondate onean sinisten. Gainera, herri honetako gehiengo sozial, sindikal eta politikoak bezala, uste dugu markoa agortua dagoela eta soluzio global zein konkretuak emateko gaitasun aski ez dagoela bertan. Hala ere, gutxienez instituzioek dituzten baliabideak borondate onez erabiliz gero, egin dutena baino gehiago egin dezakete. 107.768 herritarren borondatea agertzen duten sinadurak mahai gainean dituzte eta ez diete kasu gehiegi egin. Mobilizatzeko garaia da.

Euskararen Erakunde Publikoak proposamena mahai gaineratu berri du; Eusko Jaurlaritzak gauza bera egingo du; Nafarroa Garaian hauteskundeen testuinguruan asko hitz egiten da sigla aldaketaz. Horrek ezinbestean aldaketa politikoa ekarri beharko luke. Oso une garrantzitsua bizi dugu.

Hainbat eragilek proposamenak plazaratu dituzte azken aldian (Kontseiluak, LABek, EAEko Eskola Kontseiluak) eta EHBEk ere badu berea. Azken aldian parte hartu dugun mintegi eta foroetan harrera ona izan duelakoan gaude. Proposamena ez da osoa, baina bete beharreko minimoak jasotzen ditu:

1. Euskara ezagutzea eskubidea da. Euskal Herritarrek eta nazioarteko erakundeek onartua.

2. Eskolaren helburua euskalduntzea da. Ikasle guztiena.

3. Testuingurua kontuan hartu behar da. Ez da gauza bera Azpeitian edo Baionan euskalduntzea.

4. Bidea murgiltze eredua da. Eskolaz kanpoko ekintzetan eta barruko funtzionamenduan kalitatezko euskara erabiliz.

5. Irakasle euskaldunak eta prestatuak behar ditugu eredu pedagogiko aurrerakoi eta euskalduna abian jartzeko.

6. Eskubide urraketak erdaldun elebakar ugari sortu du. Horiek euskaldundu eta alfabetatzeak doakoa izan beharko luke.

7. 16 urterekin euskaldunduak izan diren ikasle guztiei goi hezkuntza euskaraz ikasteko eskubidea bermatu behar zaie.

Testuinguru garrantzitsu honetan aukera guztiak zabalik daude, euskalduntzean pausu sendoak ematea edo gaudenetan gelditzea. Neurri horiek edo antzekoak jasotzen ez dituen proposamenik ez dugu onartuko. Asko dago jokoan. Garaia delako, Bai Eskolak Euskalduntzeari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo