GARA > Idatzia > Euskal Herria

2008an Errobiko campusa irekiko dute Baionan armadaren eraikin zaharretan

Paue eta Aturriko Herrietako Unibertsitateak campus berri bat izanen du Baionan 2008an. Atzo CABABeko presidente Dider Borotrak, Kontesilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Lasserrek eta Baionako auzapez Jean Grenetek egitasmoaren lehen harria ezarri zuten.

GARA |

 

Enpresen Administrazio Institutua eta Formazio eta Ikerketa Unitatea (UFR) lau eraikin ezberdinetan izanen dira eta bosgarren eraikin bat ikerketarako izanen da. Santa Clara eraikin eraberrituan Teknologia Institu Unibertsitarioa (IUT) eta dokumentazio zentroa jarriko dira. Campusak hiru anfiteatro izanen ditu, 400 tokiko handi bat eta 150eko bi. 1.400 metro karratu libre geldituko dira etorkizuneko beharrei erantzun ahal izateko.

Arkitektura mailan oztopo handiak dituen tokian eginen da campusa. Stinco kabineteak sortu egitasmoak armadaren lehengo eraikinetan egitura funtzionala proposatzen du. Plaza handi baten inguruan eraikin ezberdinak antolatuko dira. Enparantzak eremuak duen garaiera ezberdin biak lotuko ditu.

Ikasgelez gain bestelako zerbitzuak ere eskainiko ditu Errobiko campusak. Ikaslearen Etxean informazioa eta laguntza eskainiko zaie ikasleei. Egun Pau Bert gimnasioa dagoen tokia jatetxea izanen da, eta liburutegia eta kirol zentro bat ere izanen dira.

 

Egungo kokalekua utzi behar

Egun unibertsitateak Santa Gurutzen duen kokalekua txikiegia gelditu da. Eraikinean dauden unibertsitateak eta musika kontserbatorioak geroz eta ikasle gehiago dauzkatenez «bi erakundeetako batek kokalekua aldatu beharko du» adierazi zuen Baionako auzapez Jean Grenetek.

1993an Henry Grenet, garaiko auzapezak, armadak Baiona Ttipian zuen bederatzi hektareatako eremua erosi zuen hiriaren izenean. Jean Grenetek unibertsitatea tokiz aldatu behar zuela ikusita, eremu horietan ezartzea pentsatu zuen.

Egitasmoa aurrera eramateko beharko dituzten 40 milioi euroak biltzea lortu dute CABABeko agintariek. Akitaniako eskualdearen finantziazioa lortu zuten lehenik. Campusaren zatirik handiena BABko elkargoak finantziatuko duela adierazi zuen Grenetek. Hala ere, Europar Batasunak, Kontseilu Nagusiak, Baionako Herriko Etxeak eta Armadak ere diruz lagunduko dute campus berria.

fakultateak
Enpresen Administrazio Institutua (UFR), Formazio eta Ikerketa Unitatea eta Teknologia Institutu Unibertsitarioa (IUT) izanen dira enparantza handi baten inguruan kokatuko diren eraikin ezberdinetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo