GARA > Idatzia > Iritzia

Euskal curriculum propioa bide onean

Lakuako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek hizpide izan zuen atzo 2005ean aurkeztutako euskal curriculumaren proposamenaren ebaluazioa. Izan ere, atzo bertan jaso zuen ofizialki Hezkuntza sailaz gain, Ikastolen Konfederazioak, Sortzen Ikasbatuaz-ek eta Kristau Eskolek egindako ebaluazioa. Lan serioa egin dute lehengo proposamenetik ebaluazioara bitartean. Lana, jakina, beharrezkoa ere bada, euskal curriculum propioa bera guztiz beharrezkoa baita. Horrez gain, ondo egindako lana da. Aipatzekoa da Euskal Herri osoko 218 ikastetxek parte hartu dutela ebaluazioan egin zaien inkestari erantzunez. Camposek ikasturte bukaerarako curriculum propioa bukatuta izatea espero duela esan zuen, eta hori lan aurreratu baten erakusgarri da. Gainera, atzoko agerraldian argi geratu zen curriculumak Euskal Herri osorako balio izateko bokazioa duela. Hain zuzen ere, curriculumaren baliorik handienetakoa nazioanala izatea da. Oraindik badago zer eztabaidatu, badago zer landu, baina badirudi edozein herriren hezkuntzarako hain garrantzitsua den tresna, curriculuma, norabide onean jarri dutela. Euskal curriculumaren gaineko eztabaida orokortzeko garaia da, eragile guztiei parte hartzeko gonbitea egitekoa, orain arte bezala aportazio guztiak aintzat hartzeko. Euskal Herriko hezkuntzaren kalitateak eskertuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo