GARA > Idatzia > Ikusmira

Langraizko heriotzak edo amaigabeko zerrenda beltz baten kausak

Larunbatean beste preso bat hilik agertu zen Langraizko kartzelako ziega batean. Hego Euskal Herriko kartzeletan hildako presoek zerrenda mingarri bezain luzea osatzen dute, eta Langraizkoan hil dira gehienak. Larunbatean hildako gaztea aurtengo bigarrena da kartzela horretan. Badirudi indarkeria zantzurik ez zuela, eta ez dute besterik jakinarazi heriotzaren inguruan, familiak hala eskatuta. Beste batzuetan ere azalpen gutxi eman izan dituzte, nolanahi ere. Baina larriena presoak hain egoera babesgabean hiltzea da. Are gehiago, ondoren agintari judizialek heriotza horiek argitzeko ahaleginik ez dutela egiten ikusita, bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten espetxeek irekita segitzen dutela ikusita, zigorra helburu bakarra duen legedia ikusita: gero eta zigor luzeagoak, presoak bakartzea ohikoa duten erregimenak... Preso gazte horren heriotza ez da salbuespen bat, ezta hurrik eman ere; hortaz, beharrezkoa da gizartea erne egotea, erakundeek, presoen biziaren ardura duten erakundeek, alegia, huts egiten dutenean. Eta dagoeneko argi baino argiago dago horiek ez dutela beren lana ondo egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo