GARA > Idatzia > Gutunak

Presoen deiadarra

Felipe Peña

Gasteizko Etxerat elkarteko kidea

Hotza heldu zaigu otsaila. Espetxeetatik datozkigun haize-boladek izoztu egiten dituzte euskal jendearen bihotzak: mendeku politikaren aurka Iñaki de Juanaren gose grebaren ondorio larriak; gaixorik daudenen bizi-baldintza jasan ezinak; euren kondena beterik dutenen askatasunaren ukazioa; euskara erabiltzeko eta ikasteko debekuak; isolamendu etengabea,...

Berdin dio haizeak iparretik ala hegotik jotzen duen. Sortaldetik ala mendebaldetik datorren. Edozein norabidetara begiratuta ere, dardarka hasten zaigu gorputza espainiar eta frantziar espetxeetan ehundaka euskaldunek bizi duten egoera ikusita. Hotzikara baino ezin sentitu euskal presoen eskubideen amaitu ezinezko urraketaren aurrean. Hotzikara eta amorrua, inolaz ere ez ezintasuna.

Euskal presoak gobernuen gatibu dira; bahiturik dituzte euren interes politikoen arabera erabili ahal izateko. Munduan diren gatazka guztietan bezala, gobernuek euren indar posizioa finkatzeko eta aurrez-aurre borrokan duten herriaren jarrera ahultzeko erabiltzen dituzte presoak. Eta pertsona hauen eskubideen erabilera politikoak ez du inolako arazo moralik sortarazten bestelako giza sufrimenduen aurrean etikaz eta moralaz aho bete hortz dabiltzanengan.

Gobernuek gure presoen ziegetako giltza dute, noski, eta behar den indarkeriaz baliatzeko prest dira horrek ematen dien abantaila eta nagusitasuna salbu izateko. Baina askatasun egarria ezin da giltzapean gorde; borroka nahia ezin ate baten atzean itxi. Ez dago ideiak ezabatzen dituen kartzelarik, herri libre baten ametsak harrapatzen dituen espetxe-hormarik ez dagoen legez.

Gatibu daude, bai, bahiturik dituzte presoak, baina ez preso bakoitzaren baitan dagoen militantea. Hauek, borrokalariak eta ameslariak, libre dira oso. Askatasunaren aldeko borrokan jarraitzen dutelako sarraila guztien gainetik; espetxera eraman zituzten helburu berdintsuen aldeko lanari duten guztia eta hoberena eskaintzen diotelako.

Fisikoki sakabanatuta egon arren, presoak borrokan daude bat eginik eta euren borroka-eremutik, Frantzia eta Espainiako mapak zipriztintzen dituzten espetxeetatik, dei bateratua egin digute autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko aldarrikapena kaleratzeko. Eta euren irrintzia bihar Bilbon zabaltzeko deiadarra bideratu digute kalean gaudenoi. Guztion artean aurre egin diezaiogun otsaileko hotzari eta ekar dezagun udaberria Euskal Herrira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo