GARA > Idatzia > Kultura

ANALISIA | EUSKADI SARIEN INGURUKO POLEMIKA

Galtzaileen Gudarostea

Lakuak antolatzen dituen Euskadi Sarien zilegitasuna zalantzan jarri du idazle talde batek. Rodriguezen aburuz, «ostrukarena egin beharrean, bada garaia behar den gardentasuna eta ospea berreskuratzeko", betiere euskal kulturaren alde izango baita.

Fito RODRIGUEZ Idazlea

Gutierrez Solís idazleak «El Batallón de los perdedores» (Berenice) liburua kaleratu berri du okerbide eta atralaka literarioak ikertzen dituen German sasidetektibe literaturzalearen ibilerak ezagutarazteko. Aipatu idazlariak, besteak beste, idazlearena beharrean honako izendapena baitarabil berak, liburu merkatuan argitaratzeko nahiz izkiriatzeko hautatzen diren gaiak sasoiaren araberako modak kutsaturik daudela dio. Eta gure artean, modako zerbait baino gehixeago bihurtua den honetan Literatura Euskadi Sariaz aritzea, guda honetan bakearen partez galtzaileen arteko hitzarmena proposatzera datorkizue idazlea baino areago idazlari besterik ez den sinatzen duen hauxe.

Izan ere, duela gutxi Miren Azkaratek «Utikan Euskadi Saria» manifestua sostengatu duten idazleei «errespetu osoa» azaldu arren, ez dut uste idazle bikain horiek gure hizkuntza komunitateak duen aintzatespen publikoko sari inportanteenerako galtzea euskal literaturarentzat eskubidezkoa edota mesedegarria denik inondik ere: horretan behintzat, ziur nago berdin pentsatuko dugula Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu denak eta Euskal Idazleen Elkarteko Buru naizenak, biok -onerako zein txarrerako- erantzukizun handiko postu banatarako izendatuta edo hautatuok, bata Administrazio Publikoan, bestea Elkarte Pribatu gremial-profesional batean. Erantzukizun horretatik mintzatu nahi nuke, neure aburuetatik baino areago, urgentziazko gogoeta honetan. Eta nire mezu nagusia oso sinplea da, bere larrian ere: Euskadi Sariak 29 idazle horien -oraingoz 29- partaidetasuna, era batekoa nahiz bestekoa, aktiboa zein pasiboa, galtzea, izugarrizko galera da denontzat, Kultura Sailarentzat eta Idazleen Elkar- tearentzat ez ezik, Euskal Herriko kultura talde, argitaletxe, literaturzale guztientzat, eta, hitz batez, euskal hiztunon komunitate osoarentzat. Hau da, ene aburuz behintzat, Euskadi Sariak haien izenak galduta asko galtzen duela literaturzale guztientzat gauza nabarmena izateaz gain, areago beharko luke izan, jakina, Kultura Saila kudeatzen duenarentzat.

Miren Azkaratek Euskadi Sariaren antolaketetan behin baino gehiagotan akatsak izan direla badaki, jakin, eta egundaino ezer publikoki onartu ez arren era pribatuan zenbait gertaera ametitu behar izan du. Haietatik dator, honako gutun batean azalaraztea merezi ez duenaz gain, finalista suertatutako idazleak, irabaztekotan, ezinbestean ekitaldira joatera behartzen zituen araua, Koldo Izagirrek eta beste batzuek sinatu nahi izan ez zutena eta aldatu behar izan zena, esate baterako. Gauza asko gertatu dira Euskadi Sarien historian, bai 1997ra arteko bere lehen formatoan, bai azken urteotakoan. Eta denak ez ziren izango, ez dira izan seguru asko, larrosa-lurrinezkoak. Baina gertatu bide diren trakeskeria guztiak konpongarriak direla uste dut; are gehiago, konpondu egin behar ditugula uste dut. Jacques Brenner liburu kritikaria hil ondoren argitaratutako bere «Oroitzapenek» (Journal) Frantzian aurreko mende erdiaren literatur sarietan gertatutako zikinkeria asko azalerazi berri dute, lehenengo eta bosgarren liburukietan batik bat. Goncourt, Médicis edota Renaudot sariketak nozituak geratu dira oso bere egunerokoan Brennerrek, zehatz-mehatz, ematen dituen datu eskandalagarriengatik. Espainian, zeresanik ez!, Planeta eta enparauen aurka Victor Morenok jaulkitako salaketak irakurri gabe ere haien atzean zer ezkutatu ohi den jakin badaiteke.

Ez da gure arazoa. Euskadi Sariarena bai, ordea. Eta «Utikan» manifestuaren sinatzaileak galdu behar ez ditugun neurri berean ez dut uste Euskadi Sari erabat duina eta erabat aintzat hartua izateko aukera ere galdutzat eman behar dugunik. Dagoeneko sariok aski kritikatuak izan direla ezin uka. Hala prozeduraz nola ebazpenaren kontrolaz susmoak areagotzen joan dira aldekoen nahiz kontrakoen liskargai bihurturik eta, ostrukarena egin beharrean, bada garaia behar den gardentasuna eta ospea berreskuratzeko. Ez da ohore kontua, zilegitasunarena baizik, nahita edo nahi gabe, honezkero Euskadi Sarian gaiztaturik dagoena. Gure literaturak Nazio Saria behar du, laudatua eta ez ezeztatua. Denontzat agurgarria eta onargarria, ...oraingo honetan, bistan da, Euskadi Saria ez dena.

Mota ezberdinetako elkarteek parte har dezakete diseinu berrian. Euskal Idazleen Elkarteak, Editoreenak, Itzultzaileenak...: ez dut uste Eusko Jaurlaritzak, berak sariok hornitzen dituelako aitzakian, eskaintza arbuiatu beharko lukeenik. Edozein lehiaketatan antagonismoa badago ere eta, halaber, irabazle izateak galtzaileak egon beharra badakar ere, gaurko honetan euskal kulturak berak irabaztea izan bedi beti gure helburu bakarra, bestela, denok izango baikara galtzaile.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo