Egunez egun, oroitzapenez beterik, trenak bizirik jarraitzen du
Garraio publikoak eman behar dituen zerbitzuei buruzko eztabaida pil-pilean jartzen du Baiona eta Donibane Garazi herriak lotzen dituen «Zezette" deituriko trenak. Botere publikoek burdinbideari lehentasuna eman behar zaiola esaten duten memento honetan, Lapurdi eta barnealdea lotzen dituen azkeneko tren linea desagertzeko arriskuan dago.
Ainize BUTRON
Gaia, LAB sindikatuak piztu zuen 2006ko ekainean, lekuko agintariei linea mantentzeko politika eraginkor bat abian jartzeko eskatu baitzien. Urte erdia igaro da orduz geroztik, eta egoera berean jarraitzen du. Gutxinaka, burdinbidea desagertze bidea hartzen ari da.
Erabiltzaile kopurua txikitzen doa, zeharkatzen duen geltoki kopurua gero eta murritzagoa da, eta abiadura gero eta txikiagoa; hori da Zezette deituriko tren mitiko horren urteroko errealitate krudela.
Egungo egoera hori barnetik ikusteko, GARAk trena hartu eta bertan zeuden bidaiariekin eta gidariarekin hitz egiteko aukera izan zuen.
Ostiral arratsaldea zen. Bidaiari asko egoten den ordu horietariko bat. Paristik datorren trena Baionako geltokira irits dadin itxaron ondoren eta bertatik jaitsitako unibertsitateetako Garaziko ikasleak trenean lekutu orduko abiatzen da trena astero.
Ostiral horretan aurrekoetan bezala egin zuen, eta orotara hamabost bat lagun igo ziren bi bagoiko tren zaharkitu horretara. Gaur egun guztiz desitxuratua bada ere, tren horrek bere urrezko garaia ere izan zuen. Bankan mehategiak zeudelarik edo barnealdeko enpresen salgaiak Lapurdirantz bideratzeko trena bazelarik, garraio eraginkorrena zen, eta tren ugari ibiltzen zen burdinbide horretatik. Linea, izan ere, XIX. mendean sortu zuten. Garai horretan, eskualdea Iruñearekin eta urrunago begiratuta Madrilekin lotzeko, trenari etorkizun handia ikusten zioten. Eta, horregatik egin zuten Donibane Garazitik Baigorrira joateko adarra.
Baina denborak aurrera egin ahala, itxitako lehenengo burdinbidea Donibane Garazi eta Banka artekoa izan zen. Geroztik, nola edo hala, Garazi eta Baiona arteko lineari eutsi diote gaur egun arte.
Baina jada ez da garai bateko tren dotore eta biziz beteriko trenbide hura. Trenbideko langileen arabera, XIX. mendean linea sortu zutenetik, ez dute burdinbide hori berritzeko benetako obrarik egin. Estatu frantseseko mota bereko lekuko tren gehienen itxura zuen, beraz, ostiral horretan bezeroei agertu zitzaien trenak; hau da, nahiko akitu eta zaharkitua.
Abiadura txikitu
Parisko trenak Garaziko bidaiariak utzi bezain laster, eguneroko bidaiari ekin zion Zezette-k. Horretarako, usaiari eutsiz, «Tut...» zaratatsua zabaltzen entzun zen. Baina egun horretan bigarren «tut» bat egin behar izan zuen trena martxan jarri ahal izateko.
Bidaiaren hasiera nahiko kaskarra izango zela ematen bazuen ere, bertan lasai jarriak zeuden bidaiariek hitz egiteko gogoa zeukatela ematen zuen. Topatzeko aukera izan genuen lehenengo emakumeak berrogeita hamar bat urte izango zituen, eta 1970az geroztik, astero, gurasoak ikustera joateko, trena hartzen du.
Hala, trenak Baiona hiriko etxe eta karriken paisaia gibelera uzten zuen bitartean, Zezette hartzen hasi zenetik gaur egun arte izandako bilakaera aipatzen hasi zen.
«Gutxinaka, geltokiak ixten ikusi dugu. Bidaiari kopurua jaitsi da. Merkantziak garraiatzeko trenak kendu dira...», adierazi zuen, eta bilakaera horren ondorio zuzena trena desagertzea bakarrik izan daitekeela azaldu zuen.
Aldaketa horien guztien zerrenda luzatzen duen azkeneko murrizketa abiadurarena izan da. Duela sei hilabete hartu zuten SNCF tren konpainiako arduradunek erabakia.
Ordura arte trena 70 km/ordura ibiltzen bazen ere, burdinbidearen egoera txarrak trenaren abiadura 50 km/ordura jaistera behartu du. Hala, trenaren bilakaera aipatzen ari diren une honetan, agintarien erabakiak salatzeko denbora hartu zuten bai bidaiariek baita gidariak ere.
«Burdinbidea berritzeko obrak egin ordez, abiadura jaisten dute», nabarmendu zuen Vincent Lafauri gidariak. «Urteetan, han eta hemen berritze lan txikiak egin dituzte, baina ez da burdinbidea osorik berritzeko nahikeriarik izan», adierazi zuen.
Abiadura murrizteko erabakia hartu zutenetik, Baionatik Garazira 50 minutuan joan beharrean, trenak ordu bat eta 15 minutu ematen du.
«Abiada horrekin lasterrago joaten da autoz; bistan da!», salatu zuen gidariak erabakia. Trenaren biziraupenean, abiadura jaiste horrek egoera larritu baizik ez duela egingo aipatu zuen, berriz, Etienne Guichard txartelen kontrolatzaileak. Eta, gidariarekin zegoela, Baionako geltokiko langile guztiak oso «kezkatuak» zeudela esan zuen. «Tren sarean erresidentzietan banatuak gaude. Baionako geltokiaren zereginen artean Garazirekin lotzen duen tren linea honetaz arduratzea dago. Egunero bi langile daude horretarako. Desagertzen bada, guretzat galtze handia izango da», adierazi zuen.
Egoera kaskarra izan arren, bi gidariek eta gibelean zeuden bidaiariek lasaitasunez ekin zioten bidaiari. Paisaiaren edertasunaren edo eguraldiaren gaineko aipamenak entzuten ahal ziren han eta hemen.
Hala, 50 km/ordura zebilen trenak Baionako geltokia utzi zuen, eta ordu laurden bat inguru behar izan zuen Uztaritzeko geltokira heltzeko.
Herritik oren laurden batera, guztiz desitxuratua zegoen geltokia agertu zitzaien bidaiariei. Uztaritzen zeudela adierazten zuen pankartatik kanpo, ez zegoen bertan geltoki baten beste ezaugarririk.
«Lehenago, etxea irekia egoten zen, eta geltoki guztietan norbait izaten zen bidaiariak jasotzeko. Orain jada ez da deus gelditzen pankartatik kanpo», argitu zuen gidariak lo kuluxka bat egiteko gogoa pizten zitzaion bitartean.
Eta, honakoa aitortu zuen: «Nahiko zaila da 50 km/ordura ibiltzea; logale handia ematen du, bereziki udan, bero handia egiten duelarik. Beti frenatzen ibili behar da abiadura ez sobera pasatzeko. Eta, ikusiko duzu, gibelera joaten bazara, laster ohartuko zara bidaiari guztiak lotan daudela».
Geltokiak hutsak
Horretan arrazoi zuen gidariak, gehienak erdi lo baitzeuden bagoietan. Baina baziren Uztaritzetik aurrera agertzen zen paisaia ederra miresten aritu zirenak ere.
Errobi ibaiari jarraitzen dio, izan ere, trenak. Baionatik irten, eta lehen irudiak Errobi ertzeko landa berdeak dira.
Bertatik Uztaritzera iritsi ondoren, Kanboko geltokiaren bidea hartu zuen trenak. Aurrekoarekin konparatuta, itxura ederragoa zuen. Burdinbidearen bazterrean zegoen ahuntz talde baten agurra izan zuten bidaiariek, eta geltokian ere bazen jendea jasotzeko.
«Termak daude hemen, eta jende askok nahiago izaten du trena hartu autoz joan baino», nabarmendu zuen Lafaurik.
Ordutik agertzen joan ziren geltoki gehienak hutsak eta erdi eroriak zeuden. Baten baten aurrean igarotzerakoan gidariak esan zuen: «Begiratu iezaiozu etxe horri, geltoki ohi bat zen». Burdinbidearen bazterrean, landareek gaina hartua zioten, eta etxea erortzeko bidean zegoen.
Zezette egun horretan hartu zuten bidaiari zenbaiten oroimenean bere garaian Pantzo Hirigaraiek linea hori goraipatzeko sorturiko «Beherearta» antzezlana zegoen.
«Garai horretan trena geltoki guztietan gelditzen zen», esan zuen berrogeita hamar bat urteko emakumeak. Gaur egun, goizeko zortzietako eta arratseko seietako trenak geltoki guztietan gelditzen jarraitzen du, halere. Baina beste eguneko tren guztiek Uztaritze, Kanbo, Bidarrai, Arrosa eta Donibane Garazi ez diren beste herri guztietako geldiguneetan gelditzeari uko egiten diote.
Bidaia aurrera zihoan. Kanboko geltokia igaro eta trenak zeharkatzen duen gunerik ederrenera iritsi zen Zezette; hau da, Itsasu ingurura. Negua izan arren, benetan miresgarria zen paisaia. Mendiz inguratua, erreka bazterrean jarraitzen zuen trenak aurrera, eta saiak hegan ikusten ahal ziren zeruan.
«Batzuetan mendiaren maldan geldirik egoten dira», esan zuen Etienne Guichardek. «Trena hartzeko garai ederrena udaberria da. Garai horretan Itsasuko gereziondo guztiak loratuak izaten dira, eta kolorez beteriko irudiak daude», azaldu zuen.
Izan ere, trena zenbat eta emekiago joan, orduan eta denbora handiagoa zeukaten gidari eta kontrolatzaileak paisaia miresteko. Etxe ezin ederrago bat trenaren bazter batetik, ahuntz eta ardi talde bat soro berde argi eta ilun batean bestetik, eta, guztiaren erdian, trenaren bideari etengabe eusten dion zeruaren argiaren eraginez kolorez beteriko erreka ikusten zen besteren artean.
Erromesak
Kontrolatzaileak udaberria aipatu zuen, eta garai horretan izaten du trenak bidaiari gehien. Izan ere, apirilean hasi eta urrira bitartean, Konpostelarako bidea hartzera doazen erromesez eta mendizalez betetzen baita trena.
«Oso atsegina da garai hori. Hizkuntza anitz entzuten da, eta guztien artean eztabaidak sortzen dira», nabarmendu zuen Guichardek. Azalpen bera egin zuten egun horretan trena hartu zutenek.
«Animazioa sortzen du», nabarmendu zuten. Ostiral horretan hamabost bat bidaiari baizik ez baziren ere, trena urtean zehar hartzen dutenen irudi zehatz bat eman zuten. Astero hartzen duten ikasle, biztanle edo langile bakar horietarik at, turista eta ezohiko arrazoiengatik linea hartzen dutenak ere izaten dira.
Lilleko Laurent Bourdin eta Christine Pubill bikotearen bidaia bitxikeria horien artean sartzen zen. Laurenten aita kanboarra zen.
Gaztetan, aita ikustera joateko trena hartzen ohi zuen. Hogeita bost urte ziren ez zela Kanbora itzuli, hau da, aita zendu zenez geroztik. Ostiral horretakoa sinboloz beteriko bidaia zen Lilleko berrogei bat urteko gizon horrentzat. «Azkenaldiko tren hau hartu nuelarik, aulkiak egurrezkoak ziren», adierazi zuen bidaiariak.
Trena hartzearen hautua azaldu zuen: «Hogeita bost urte geroago berriz ere bideari ekin nahi nion, Kanbo arte. Garai horretako oroitzapenak neureganatu nahi izan ditut». Parean zeukan Christine Pubill neska-lagunari oroitzapen horiek azalduz hasi zuen bidaia. «Asteak daramatza bidai hau aipatzen», esan zuen emakumeak.
Baina tren hori hartzeak adierazten zuenetik at, bidaiak bigarren xede bat zeukan: ondare bat bisitatzearena. «Aitona tren gidaria zen, beraz, nolabait mundu horri lotua nago. Niretzat, horrelako linea txikiak bidaiaren sinbolo handiak dira, eta beste pertsonekin elkartu eta eztabaidatzeko aukera ematen du. Mantendu beharra dagoen ondarea da», bukatu zuen. Izan ere, elkartzearen sinboloari dagokionez, ezin leku hobean barneratu baitzen Lilleko bikotea, bertan zeuden gehienek elkar ezagutzen zutela ematen baizuen. «To, so egiozu hango gizonari! Ni bezala, astero Paristik jaisten da, eta Donibane Garaziko bidea hartzen du», zehaztu zuen, berriz ere, berrogeita hamar bat urteko emakumeak.
Eta, kontrolatzailea txartelak begiratzen hasi zenean, elkar ezagutzen zutela nabarmena izan zen. Guztiak agurtu ondoren, bataren eta bestearen berriak hartzen aritu zen gidariaren kabinan sartu arte.
Baina Lilleko bikotea egun horretan goizegi atera zen trenetik, bertan ziren herritarrekin kalakan aritu ahal izateko. Tartean, bidaiariek eztabaida bigarren fase batera eramana zuten; hau da, zer egin tren linea hori mantentzeko? Aholkuak askotarikoak izan ziren. Baionako lizeoan ikasten dirau Anhauzeko Sandra Saldubehere gazteak, eta orduro tren bat jartzea proposatu zuen. «Horrek erabilera handituko luke», nabarmendu zuen gazteak.
Beste batek ordutegi egokituagoa behar zela esan zuen. Donibane Garazitik abiatzen den lehen trena goizeko zortziak eta laurdenetan iristen da Baionara. Desagertze prozesua oztopatzeko irtenbideak askotarikoak direla frogatu zuten ostiral horretan Baiona eta Garazi arteko trena hartu zuten bidaiari eta langileek. Baina, gai horretan, tamalez, erabakia agintarien esku dagoela esan zuten.
«Gure hitzak ez du inolako eraginik. Eta trena desagertu bezain laster, bada, autobusa hartu beharko dugu, beste herrietan egiten duten bezala», bukatu zuten esaten.
Horrela deitzen diote Baiona-Garazi trenari. Zer dela-eta? Dirudienez, izendatzeak linea horretan ibiltzen den tren motan du jatorria. Betidanik, «Z» motako trenak ibili izan dira bertan; egungoa «Z 7300» da. «Z» hori «zezette» bilakatu zen hasieratik.
Baiona-Garazi lineak zeharkatzen duen alderdi ederrena Itsasu aldeko Artekagaitz da. Itsasura heltzerakoan trenaren burdinbidea mendira inguratzen da, eta Artekagaitzera iristen da erreka bazterrean duela.
Linea mantentzeko tren kopurua handitu eta ordutegiak langileen beharrei egokitu behar zirela esan zuen Etienne Guichard kontrolatzaileak. «Egun hiru ordutik behin dago trena. Bi ordutik jarriz gero, bidaiari kopurua handituko zen».
Bankako mehategietako minerala eta barnealdeko beste hainbat mozkin Lapurdira bideratzeko eraiki zuten trena XIX. mendean. Linea Iruñearekin lotzekotan izan ziren hasieran. Denborarekin errepideari eman diote lehentasuna.
Goizeko trena zazpietan abiatzen da Donibane Garazitik, eta zortziak pasata iristen da Baionara. Langile gehienak zortzietan hasten direnez lanean, ordu hori aldatzeko premia dagoela uste dute trena erabiltzen dutenek.
Trena gidatzen duten SNCFko langileek azaldu digutenez, Baiona eta Garazi arteko linean 23 tunel daude. Gehienak ilun-ilunak eta estuak dira. Bertako batean sartzerakoan trena harpe edo mehategi ilun batean barneratzen dela ematen du.
Bidaiariak sei euro ordaindu behar ditu Baionatik Donibane Garazira joateko. Abonamenduak daude trena astero hartzen dutenek prezio apalagoa izan dezaten. Hala ere, oro har, bidaiari eta langileek bidaia sobera garesti dela diote.
Vincent Lafaurik hamabost urte daramatza «Zezette» trena gidatzen. Lanean hasi zenetik etengabe entzun ditu linea desagertuko dela dioten zurrumurruak. Hori bai, azkenaldian zurrumurru horiek indartu egin direla nabarmendu du.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiak trenaren egoeraz herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat abiatu du etxez etxe publizitatea banatuta eta egunkarietan informazioa zabalduta. LAB sindikatuak aipatu zuen hori ez dela botere publikoen eginbeharra. «Kanpaina egin genuen guk duela hamar hilabete alarma pizteko. Orain, botere publikoek zerbait egin behar dute. Kanpaina horrek botere publikoen inmobilismoa agerian uzten du», nabarmendu zuen Geronimo Prieto sindikatuko ordezkariak. Alde horretatik, gertakari horren gibelean konpetentzia arazo bat dagoela argi zegoela jarraitu zuen esaten.