GARA > Idatzia > Kirolak

Freirek Fernandez de Larrearen ospea ekidin du

Berriro ere, Euskaltel-Euskadik oso gertu izan zuen atzo garaipena Andaluziako Itzulian. Izan ere, Koldo Fernandez de Larrea bigarren izan zen; hiru aldiz munduko txapeldun izandako Oscar Freirek bakarrik gainditu zuen. Rabobank taldekoak etekin bikaina atera zion Malagako garaipenari, bide batez sailkapen nagusia eskuratu baitzuen.
Elastiko laranjak protagonismo nabarmena izan du itzulian zehar. Atzoko ibilbide gorabeheratsuan beste behin azaldu ziren Gonzalez de Galdeanoren mutilak. Hasteko, Albizurik 135 kilometroko ihesaldia egin zuen Rooijakkers herbehetarrarekin batera. Berriztarrak ez ditu beste batzuen dohainak izango, baina txirrindulari ausarta eta lehiakorra da, ezbairik gabe. Tropelak helmugatik 30 kilometrora harrapatu zituen.
Hori bai, Euskaltel-Euskadik ez zituen azkenak emanak. Esprintean Fernandez de Larreak saiakera egin zuen eta goi mailako txirrindulari batek bakarrik menderatu zuen: Freirek. Kantabriarrak, gainera, itzulia irabazi zuen. Izan ere, esprintean bi segundo atera zituen, eta ondorioz, Cionik lidergoa galdu zuen ustekabean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo