GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Dani Larrea, Patxi Alaña, Agurne Barruso Emun, Artez eta Elhuyar Aholkularitzaren izenean

Elkarlana sustatu eta Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatu

Enpresek, ingurune sozio-linguistiko batean kokatuta egonik, bertan euskarak bizi duen egoeraren eta bere normalizazioaren aurrean begirunez jokatu beharko lukete

Asko hitz egin da azken hilabeteotan arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzearen garrantziaz eta helburu hori lortzeko jarraitu beharreko bideaz. Lan-munduan euskararen normalizazioa erdieste- ko beharrezkoa da zeresana eta zeregina duten eragile guztien arteko elkarlana eta hizkuntza-politika eraginkorrak izatea.

Hizkuntza-politika horren baitan Administrazioak, arlo sozio-ekonomikoko eragile guztiekin hasieratik adostu ondoren, Plan Estrategiko orokor bat definitu beharko luke, estrategiak, mugarriak, epeak, baliabideak eta abar zehaztuz. Juridikoki marko bat izatea ere garrantzitsua da, baina legea izate hutsak ez du ezer bermatzen eta hori betearazteko jarraipena ere egin beharko litzateke, lege horren eraginpean dau- denei laguntzak eta baliabideak eskainiz.

Lan-mundua euskalduntzearen erronka ez du Administrazioak bidea bakarrik eginda lortuko, ez eta euskalgintzak beste bidaiderik gabe ere, prozesu honek denon lankidetza eskatzen baitu. Administrazioak, enpresari-elkarteak, sindikatuak eta euskalgintza izango dira egitura horrek izan behar dituen lau hankak. Eragile guztiak biltzeko formulak pentsatu eta baliatu behar dira eta gidaritza konpartitu.

Azken hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu euskararen normalizazioak hainbat arlotan: irakaskuntzan, komunikabideetan, kultura-eskaintzan... Ez du, halere, erritmo bera izan lan-mundua euskalduntzeak. Arlo sozio-ekonomikoan ere euskararen normalizazioa lortzeari estrategikoa eta lehentasunezkoa dela deritzogu, hala egingo ez balitz, normalizatze-bidean diren beste arlo horiekiko desoreka eta kontraesana sortuko bailitzateke, euskaraz ikasi duenak erdaraz lan egin behar izatea, adibidez.

Hori horrela izanik, eta 70eko hamarkadako ahaleginaren eta ondorengo lozorroaren ostean, azken 15 urteetan asko izan dira euskararen normalizazioaren dinamikan murgildu diren enpresa eta entitateak.

Egindako urratsak eta lana garrantzitsuak izan dira ezbairik gabe, baina arlo sozio-ekonomikoa oraindik ere oso erdalduna da. Horren erakusgarri, esate baterako, Euskal Herrian 15 langiletik gorako enpresetan %1,5 baino ez izatea (Euskal Autonomia Erkidegoan %2, Nafarroan eta Iparraldean ez dago euskara-plana duen enpresarik) euskara-planen bat dutenak; datu horrek agerian uzten duelarik euskararen normalizazioak oraindik aurretik duen ibilbidea. Lan-munduan euskararen normalizazioa lortzeko ezinbestekoa izango da euskara-plana gero eta enpresa gehiagok edukitzea, eta horien izaera ere askotarikoa izatea tamainan, kokapenean, negozio motan...

Enpresek, ingurune sozio-linguistiko batean kokatuta egonik, bertan euskarak bizi duen egoeraren eta bere normalizazioaren aurrean begirunez jokatu beharko lukete, gizartearen nahi eta beharren aurrean erantzukizun sozial saihestezin bat baitaukate.

Halaber, asko dira euskararen erabilera normalizatua izateak enpresari ekarriko dizkion abantailak, esaterako langile euskaldunekiko komunikazioa hobetzea eta horiek enpresarekiko duten atxikimendua areagotzea. Kanpora begira, balio erantsia ematen dio zerbitzuari, eta bezeroen gogobetetzean ez ezik, horien leialtasunean ere eragiten du, guztiz bat egiten baitu Erabateko Kalitatearen eta Bikaintasunaren kudeaketan aipatzen direnekin.

Azken urte hauetan lan-mundua euskalduntzeari begira aparteko garrantzia izan du Bai Euskarari Ziurtagiriak, erabilera areagotzeko bidea egiten baitu. Pertsonak esparru guztietan izan behar du euskaraz jarduteko aukera eta Bai Euskarari Ziurtagiria tresna ezin egokiagoa da enpresak, taldeak edo entitateak errealitate horretara egokitzeko eta gizartearen aurrean ahalegin hori aitortzeko. Duela sei urte abian jarri zenetik esparru askotariko hainbat saltoki, enpresa eta taldek eskuratu du Bai Euskarari Ziurtagiria, euskararen normalizazioaren aurrean konpromisoa eta gizartearekiko erantzukizuna erakutsiz. Izandako arrakastaren froga da 2006an 1.400 entitate baino gehiagok Ziurtagiria lortu izana.

Euskal Herrian bizi dugun banaketa administratibo eta juridikoa dela eta, lurralde bakoitzak hizkuntza-politika propioa dauka eta banaketa horren gainetik dauden ekimen nahiz egiturak sustatu beharko genituzke. Hori izan da gure ustez Bai Euskarari Ziurtagiriaren arrakastaren gakoetako bat, eta etorkizunerako bide horren egokitasuna erakusten diguna.

Bai Euskarari Ziurtagiriak sei urte emankor eman ditu jadanik eta, une honetan beste egiaztagiri bat egitea, seguruenik, lagungarria baino, nahasgarria izan liteke. Horregatik eta Ziurtagiria- ren garrantzia ikusita, onena Elkarlana bultzatzea da. Maiuskulaz idazten dugu, izugarrizko garrantzia ematen diogulako. Lan-munduan modu batera edo bestera agente asko dago inplikatuta, mota askotakoak: enpresariak, sindikatuak, merkataritza ganberak, enpresari-elkarteak, kooperatiben elkarteak, administrazioetako industria, merkataritza- eta nekazaritza-sailak, kontsumitzaileen elkarteak...

Lan-mundua euskaldundu nahi badugu, denok egon behar dugu itsasontzi berean. Horregatik egitura iraunkorra sortu beharko dugu denok modu koordinatu batean lan egiteko, bakoi- tzak bere eskumen eta baliabideen arabera baina denok batera.

Urte hauetan egindako lan sakonaren ondorioz esperientzia eta ezagutza handia metatu dugu lan-mundua euskalduntzen aritu garen aholkularitza-enpresek, bai metodologian, bai planak kudeatzeko moduan, eta eskarmentu hori aintzat hartu beharko litzatekeela uste dugu. Emunek, Elhuyar aholkularitzak eta Artezek lan-mundua euskalduntzeko bidean gaudela esan dezakegu eta beste eragileekin elkarlanean lortuko dugu arlo honetan ere denok xede dugun euskararen normalizazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo