GARA > Idatzia > Ikusmira

M-3ko gertakarien gaineko Batzorde Berezia: bazen garaia, baina ongi etorri

Berri ona da Gasteizko Legebiltzarrak 1976ko martxoaren 3ko gertakariengatik izan litezkeen erantzukizunak aztertzeko batzorde berezi bat sortu izana. Poliziak bost langile hil eta beste hainbat zauritu zitueneko gertakarien gaineko egia osoa agertu, biktima guztien aintzatespena eta haiei kalte-ordainak ematea herri erakundeen beha- rrizana zen, eta gutxieneko justizia egite aldera ezinbesteko pausoa da atzo emandakoa. Aspaldi luzean eman beharrekoa zen, orain artean, zenbait hitz epeletatik harago, ez baita ezer ere egin, eta atzo herritar askok -biktimek lehenik, jakina- garaia zela pentsatu bide zuten. Gasteizko Legebiltzarrak Martxoaren 3ko Biktimen Elkartearen planteamendua jaso du, hildakoak ez ezik, zaurituak, kartzelan izandakoak eta gertakari haien ondorioak jasaten dituztenak ere biktimatzat hartzea, alegia. Justiziazkoa da, erantzukizunak ikertzea justiziazkoa den bezala. Bestalde, Gasteizko Gobernuaren ardura nagusia duen alderdiaren jarrera aldaketa ere berri ona da. Onartezina baita biktimak kolpatu eta Auzitegi Nazionalera eramatea. Beraz, ongi etorri, baldin aldaketa horrek halako praktikak baztertzea badakar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo