GARA > Idatzia > Kultura

Red Hot Chili Peppers Bilbao Live Festivaleko izar nagusia izango da

Red Hot Chili Peppers talde estatubatuarra izango da Bilbao Live Festival jaialdiaren bigarren edizioko izar nagusia. Aurten ere Kobetamendin egingo da jaialdi erraldoi hori ekainaren 21ean, 22an eta 23an.

GARA | BILBO

Kontzertu esklusiboa eskainiko duen Red Hot Chili Peppers talde estatubatuarra izango da Bilbao Live Festival jaialdiko bigarren edizioko izar nagusia, antolatzaileek atzo prentsaurrekoan adierazi zutenez.

Jaialdia ekainean egingo da; alegia, iaz baino hilabete lehenago. Halaber, izena ere aldatuko diote: Bilbao BBK Live 2007 da izen berria. Izan ere, Bilboko Udalarekin batera, aurten bere mendeurrena ospatzen duen BBK izango da jaialdiko babesle nagusia. BBK-ko zuzendariorde Jon Manzisidorren hitzetan, ekitaldia babestea onuragarria izango da kutxaren bezero gazteentzako. Izan ere, deskontuak izango dituzte BBK-k salduko dituen sarrerak erosterakoan.

Ekimena antolatu duen Last Tour International erakundeko Alfonso Santiago ordezkariak azaldu duenez, «BBKren partaidetzarekin eta izen handien etorrerarekin jaialdiaren aurrekontua nabarmen handituko da»

Jaialdien egutegian, hobeto

Alfonso Santiagok azaldu zuenez, aurtengo edizioa ekainaren 21ean, 22an eta 23an ospatuko da. Horrela Europako jaialdien egutegian hobeto kokatzea nahi izan dute. Helburua argia da: Bilboko jaialdia finkatzea.

Bilboko Udaleko Enplegu eta Ekonomia Sustapen Saileko zinegotzi ordezkari Ricardo Barkalak, aldiz, Kobetamendiko espazioa handituko dela azaldu zuen. Guztira 110.000 metro koadroko eremua hartuko da.

Antolatzaileek joan den urteko edizioaren balorazio «oso baikorra» egin zuten, eta azpiegituretan aurkitutako arazo bakanak, dutxekin sortutakoak eta karpen kokapenari buruzkoak, aurten konponduko dituztela adierazi zuten. Horrela, Bilbao BBK Livek Europako jaialdien egutegian bere esparrua izatea laguntzea nahi dutela nabarmendu zuten.

Iaz ospatu zen lehen aldiz Bilbao Live Festival. Hiru egunetan zehar egindako kontzertuetan 40.000 lagun bildu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo