GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak eta EHUk akordioa sinatu dute «bake bidean" parte hartzea bultzatzeko

Juan Jose Ibarretxek eta EHUko errektore Juan Ignacio Perezek, sinatu dute bakea bideratze aldera Hiritarren Parte Hartzerako Ekimena. Gisa horretan, adierazi zutenez, unibertsitatearen inplikazioa handitu nahi dute.

GARA |

Lakuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) «bakea eraikitzeko bidean» Hiritarren Parte Hartzerako Ekimena garatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo, eta helburu horrekin, Ibarretxeren exekutiboak 30.000 euro jarriko ditu. Sinadura ekitaldian izan ziren Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta EHUko errektore Juan Ignacio Perez.

Akordio horren arabera, Lakuak «lan talde bat koordinatu nahi du bakearen eraikuntzarako Hiritarren Parte Hartze Ekimena diseinatu, martxan jarri eta ebaluatzeko, eta gisa horretan, unibertsitatearen parte hartzea bultzatzeko».

EHUk, bere aldetik, martxan du Parte Hartuz prestakuntza eta ikerketa taldea. «Bere lan ildoak, ikuspuntu praktiko batean oinarritzen dira eta parte hartze guneak sakontzeko aukera ezberdinak sortzera bideratua dago», jasotzen du akordioak.

Hartan batzen denez, Parte Hartuz arduratuko da aholkularitza orokorraz, tokiko ekimenenak dinamizatuko dituen pertsonak prestatzeaz eta emaitzen sistematizazioaz. Era berean, unibertsitate arloko bost elkarrizketa gune eta informazio bilketarako bestelako bitartekoak izango dituen proiektu berezi bat abiaraziko du parte hartzea bultzatze aldera.

Abenduaren 31a bitartean iraungo duen hitzarmenean jasotzen diren ekimenak gainbegiratzeari dagokionez, komisio bat eratuko da eta Lakuako bi ordezkarik eta errektoreak aukeratutako beste bik osatuko dute.

Hitzarmenaren sinadura ekitaldian Ibarretxek aditzera eman zuenez, nazioartetik egiten diren ekarpenak garrantzitsuak badira ere «bakearen eraikuntza gure eskuetan dago» eta «EHUk badu ahalmena» lan horretan inplikatzeko.

Perezek ere hitzarmenaren «balio handia» hartu zuen ahotan «komunikabideetatik urrun gertazen diren ekimen garrantzitsuak zientzia eta teknologia arloan ez ezik, gizarte zientzien alorrean ere garatzeko». Era berean, balore sinboliko handia duela nabarmendu zuen «EHUk bakea lortze aldera garatu ditzakeen bideen gainean hausnatzeko» balioko baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo