GARA > Idatzia > Euskal Herria

IAk ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua eta hori onartzeko bidea kritikatu ditu

GARA |

Lakuako Hezkuntza sailburu Txontxu Campos, hainbat ikastetxetako zuzendariekin elkartu zen atzo ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dekretua aldatzeko, «Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan elkarbizitza arautzeko asmoz».

Ikasle Abertzaleak-ek (IAk) Lakuaren asmoa salatu zuen, bere ustez, dekretua aldatzearen xedea «ikasleen eskubideen bermerako neurriak hartzetik urrun, haien betebeharren eta zigorren eguneratze bat egitea baita».

IAren aburuz, Hezkuntza sailak zigorrak birformulatu eta ikasleen gaineko kontrola eta jazarpena areagotzeko apustua egin du. «Jendartean bullyng-aren inguruan piztutako eztabaida morbosoak bultzatuta, eta aitzakia horren pean, ikastetxeak kartzelak bailiran marrazten dituzte, horien funtzio nagusia ikasleak kontrolpean izatea dela azpimarratuz», kritikatu zuen. Ikasle taldearen esanetan, proposatzen dituzten neurrien artean «bereziki larriak» dira epailetzarekin loturak eraikitzen dituztenak, hala nola, «gertaera konkretuen inguruan Fiskaltza jakinaren gainean jarri behar izatea».

Ikasleen eskubideen gaineko atalari dagokionez, «hitz politez josia» dagoela adierazi zuen, baina praktikan eskubideok egikaritzeko administrazioari eta ikastetxeei inongo betebeharrik» ez zaiela eskatzen salatu zuen.

Ikasleak entzun gabe

Dekretua aldatzeko baliatutako prozedura ere kritikatu zuten IAko kideek. «Jardunaldi batzuen bitartez, dekretu berriak hezkuntza eragileen babesa eta parte hartzea duela saldu nahiko dute. Egia baina, oso bestelakoa da: jardunaldian lantzeko materiala ez dute aurrez helarazi eta egunean bertan banatu da, horren inguruko eztabaidak izatea ezinezko izanik», salatu zuten. Arlo horretan, larriena, ikasleen ahotsa entzun nahi ez izatea dela azpimarratu zuen IAk.

Ikasle taldearen arabera, benetako parte hartzerik ez den artean, eskema zaharkituetan oinarritutako iruzur berriak baino ez dira izango horrelako saiakerak. «Dekretu honetan, hezkuntza prozesua errespetuan oinarritu beharrean errepresioan oinarritu nahi dutenen eskema zaharkituak dira berriz ere nagusituko direnak», ondorioztatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo