GARA > Idatzia > Ikusmira

Behatokiaren txostenak agerian utzi du normaltzat ezin har daitekeen errealitatea

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak atzo aurkeztu zuen kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideen gaineko txostenak ondorio kezkagarriak adierazten ditu. Behatokiak dioenez, eta zentzuzkoa denez, eskubide horiek, beste hainbat bezala, arau bidez bermatu behar dira, baina Europar Batasuneko, estatu frantseseko eta espainoleko eta autonomia erkidegoetako araudiak aztertuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baino ez dira aitortzen hizkuntza-eskubideak, 2003. urtetik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan, hain zuzen. Nolanahi ere, eskubide horiek urratzen dituenarentzat ez da inolako zigorrik aurrez ikusten. Tristea da, eta nekagarria gertatzen da dagoeneko, hizkuntza-eskubideak -euskal hiztunenak, jakina- molestatzea beste xederik ez duten zenbait lagun apetatsuri egin beharreko mesedea balitz bezala tratatzea, eta tratu hori, larriagoa oraindik, administrazioek ematea. Eskubideak eskubide dira eta, beraz, ez dira negoziazio gai edo baldintza batzuetan errespetatzekoak eta beste batzuetan ez, baizik eta beti denok, eta herri erakundeek lehenik, babestu eta bermatu beharrekoak. Hartarako arauak behar dira; araurik ez badago, sortu eta horiek betearazi. Noiz arte eskubide eskean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo