GARA > Idatzia > Kultura

Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslarieta gitarra-jotzailea

«Biraren dinamikan sartuta, bi jaiegun gehiegi dira; guk jo egin nahi dugu!"

«Jaio.Musika.Hil» lana besazpian duela ekingo dio Berri Txarrak-ek Taiwan eta Japoniaraino eramango duen birari. Estreinakoz bisitatuko du Asia hirukoteak eta bi hilabete geroago itzuliko da Euskal Herrira, tartean Alemania, Irlanda eta Suitza pasata. Bira etxean bertan hasiko du.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Berri Txarrak-eko kidea den Gorka Urbizu gogotsu dago bihar hasiera emango dioten biraren aurrean. Irrikaz, Asiarako lehenengo bidaiaren eta bi hilabete etxetik kanpo pasatzeko abenturaren aurrean. Taiwanen izango den lehenengo euskal musika taldea omen da.

Nazioarteko ateak «Libre»-rekin ireki eta, bira berria ikusita, «Musika.Jaio.Hil» lanarekin bide beretik zoaztela dirudi.

Putzu batera tanta bat botatzen duzunean hasierako uhinak gertukoak dira eta pixkanaka urruntzen joaten dira. Guk hala egin genuen. Euskal Herrian zentratu, «Eskuak»-ekin Estatura atera, eta «Libre»-rekin pentsatu genuen gure musikak funtziona zezakeela beste leku batzuetan. Kanpora ateratzeak musikalki asko aberasten zaitu eta bira hauek ez dira lekukotasunezkoak; hiru-lau urte daramatzagu eta, aurrerantzean, dinamika horretan jarraitzea pentsatzen dugu. Gure filosofia horixe da: oreka bilatzea kanpoko eta etxeko kontzertuekin. Eta etxekoak beti zaintzea, gure publiko leialena baitira.

Motorrak berotzen, behintzat, etxean hasiko zarete.

Berez, diskoa atera eta urtebete ematen dugu biran -kasu honetan 2006an behar zuen, baina tira-, eta hurrengoa lasaiago hartu eta kantu berriak ontzeari ematen diogu. Orain, urte arraro horretan gaude, kanpoan jo eta hemen agerpen gutxi egiteko urtean alegia. Pentsatu genuen halako bira bati hasiera emateko polita izango litzatekeela Euskal Herrian pare bat kontzertu ematea. Larrabetzun egongo gara, Gaztetxean, eta gero Iruñean. Aukera polita da, bai.

Zuen debuta izango da Asian. Zer sentsazio duzue?

Gogotsu gaude, erronka berria delako. Japonian euskal taldeak egonak dira eta, esan digutenez, ikus-entzuleria abegikorra da eta tokia interesgarria. Inoiz jaso dugu e-mailen bat edo beste Japoniatik. Taiwangoa, aldiz, gauza berria da; uste dut bertan joko duen lehenengo euskal taldea garela.

 

Eta bigarren txanpan Europara, berriro Alemania eta Irlandara.

Alemanian laugarrenez izango gara eta Irlandan iaz izan ginen. Zerrendari begira nengoela, hamahiru bat kontzertu kontatu ditut Alemanian bakarrik. Ohituak daude kontzertu asko ikustera eta, alde horretatik, publiko oso erakargarria da; baina ez da publiko erraza... Irlandan desberdina da, badago elkartasun moduko bat, eta hori igarri egiten da.

Kontzertutik kontzertura izango al duzue tarterik turismo apur bat egiteko?

Taiwanen eta Japonian hiru egun jai ditugula badakit, eta pentsatzen dut behin hara joanez gero ikusteko moduko gauzak egongo direla. Europan ez pentsa turismo handirik egin genuenik, Rice Againstekin egunero kontzertuak genituen eta denbora libre gutxi. Suitzan izan ginenean ere, turismo zero. Eta oraingoan, ez dakit, badaude egun suelto batzuk baina... behin biraren dinamikan sartutakoan nahiago izaten duzu kontzertua edukitzea ez edukitzea baino; ez zaude turismorako, dinamika horretan sartzen zara eta egun libre bat ondo dator, baina bi dauzkazunean... Urduri eta guzti jartzen zara; jo egin nahi duzu!

Zerrenda horretan 30 kontzertutik gora daude. Deigarriena Move Against G8 jaialdian izango zaretela izan daiteke?

Bai. Nagusiki aretoetan izango gara, baina badaude jaialdi pare bat tartean, horietako bat Berlingoa. Zerbait handia izango dela ematen du eta, beno, gainera kausarekin bat egiten dugunez, benetan gogotsu gaude.

Errepikatuko al duzue web-orrian egunerokoa idazteko esperientzia hura?

Asmoa badaukagu. Egia esan, Rice Againstekin hasi, hasi ginen, baina... Egunero joz ez da erraza segida ematea. Baina bai, web-orria zaletuekin harremanetan egoteko erabiltzen dugu eta idazteko asmoa badugu. Agian egunero ez dugu egingo, baina jarraitu ahal izango da egunkari moduko hori.

Suitzan azken orduko kontzerturen bat atera omen zaizue.

Bai, Japonia eta Alemania artean libre genuen astean Suitzako kontzertuak izango dira, eta gehiago lotzea ere espero dugu. Horrek suposatzen du bi hilabeteak jarraian egingo ditugula, etxera itzuli gabe.

Luze egingo da bi hilabete etxetik kanpo...

Egia esan, ez dugu sekula horrelako bira luzerik egin. Agian, luzeena «Jaio.Musika.Hil» Kansasen grabatu genuenekoa izango zen, gero Nikaraguan eta Mexikon ere egon baikinen. Denera hilabete edo izango zen. Bi hilabete ez ditugu sekula egin eta ikusiko dugu ea nola bueltatzen garen. Bira indartsua da, eta hemengo taldeak ez gaude ohituta halakoak egitera. Hasi, indarrez hasiko gara, baina bukatu...

Urte batean bira eta bestean estudioa egiten duzuela esan duzu eta, beraz, bira amaituta kantuak ontzeari ekingo diozue?

Teorian, gure erritmoarekin jarraituko bagenu, aurten tokatzen zaigu diskoa. Baina horrekin apurtu beharko dugulakoan nago. Biran gaudenean ez dugu musika ontzen eta etxera itzuli orduko ia ekaina izango da. Guretzat hurrengo diskoa oso garrantzitsua da eta ondo prestatu nahi dugu, orduan, aurten ez dugu diskorik aterako -azken orduko ezustekorik ez bada behintzat- eta datorren urterako utziko genuke. Horrela funtzionatu izan dugu gorputzak hala eskatzen zigulako eta badugu gogoa berriro ere kantuak ontzen hasteko, baina bi hilabeteko bira honekin... Bira amaitzean, ikusiko dugu nola sentitzen garen.

Fitxa

Bira: Bihar Euskal Herrian hasi eta, Europa eta Asian zehar ibili ostean, maiatzaren 26an amaituko dute Lisboan (Portugal). Birari buruzko informazio gehiago sarean (www.berritxarrak.com).

Larrabetzu: Bihar, Hori Bai Gaztetxean. Sarrerak agortuta.

Iruñea: Larunbatean, Atarrabiako Totem aretoan, Virgen-ekin batera. 22.00etan. 10/12 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo