GARA > Idatzia > Euskal Herria

Informazioa eskura izateko Argitan taldeak emakumeen eskubideen gida aurkeztu du

Emakumeei egiten dieten diskriminazioari aurre egiteko oinarrizko jotzen dute aldaketa soziala, eta bide horretan, informaziorako eskubidea izatea. Hori erraztuko duen gida kaleratu du Barakaldoko taldeak.

GARA |

Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak Emakumeen eskubideen gida argitaratu du. Taldearen esanetan, bitarteko horren helburua erakundeek babesten ez duten informazio eskubidea bermatzea da.

Emakumeentzako Aholku Etxeko kideek adierazi zutenez, biztanleriaren erdia izanik ere, emakumeek diskriminazioa eta desberdintasuna pairatzen jarraitzen dute. «Esaterako, etxeko lanen %80 egiten jarraitzen dugu, eta hau ez ekonomikoki ez sozialki errekonozitu gabe dagoen lana da». Alde horretatik, langabezia tasari dagokionez, emakumezkoena gizonezkoenaren bikoitza dela jakinarazi zuten.

Egoera aldatze aldera, Argitanen esanetan, oinarrizkoa da emakumeen eskubide guztiak aldarrikatzea. Alde horretatik, beharrezko jo zuten etxeko lanen eta zaintza beharra duten pertsonen banaketa berdinzalerako eskubidea izatea, eta gisa berean, premiazko jotzen dute hezkuntzan, heziketan eta lan merkatuan berdintasun eskubidea izatea.

Zerrendatutako eskubideen artean eskatu zituzten norbanakoei zuzendutako diru laguntza ekonomikorako, etxebizitzarako eta informaziorako eskubideak ere.

Kideek adierazi zuten Argitan taldeak urteak daramatzala emakumeen berdintasun erreala lortzeko eta aldaketa soziala lortzeko lanean; alde horretatik, informazioa izatea oinarrizkoa dela adierazi zuten, batez ere, «egoera zailetan dauden emakumeentzat». Hutsune hori betetzea du helburu gidak.

Argitan taldeak, halaber, heldu den martxoaren 8an egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen. Barakaldon 12.00etan izango da hitzordua Herriko Plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo