GARA > Idatzia > Mundua

«Jolaserako garaia pasa eta gero", indartsu ikusten du Prodik bere burua

Italiako Senatuan eta Kongresuan konfiantzazko mozioen bozketak irabazi ondoren, Romano Prodik bere gobernua indartua atera dela nabarmendu zuen. Horrekin batera, egin beharreko lehen gauza hautes-legea aldatzea dela ere gaineratu zuen.

GARA |

Italiako Gobernua indartua atera da azken bi asteotan bizi izan duen krisiaren ondoren, «dagoeneko jokoetan aritzeko garaia pasatu delako». Horixe da Romano Prodik atzo Radio 24 irratiari eman zion elkarrizketan adierazi zuena.

«Gehiengoa kohesionatua dago, dagoeneko jokotan aritzeko tarterik ez dagoelako ulertu duelako», gaineratu zuen Prodik elkarrizketa horretan.

Horrekin batera, senatuan eta kongresuan izandako konfiantzazko mozioen bozketen ondoren argitaratzen den lehen elkarrizketan, Prodik «gobernua indarturik atera» dela gaineratu zuen.

Lehen ministro italiarrak hautes-legea aldatzearen beharra ere nabarmendu zuen. Horixe izan zen senatuan zein kongresuan bota zuen diskurtsoan aurreratu zuen proposamen nagusia. Prodiren ustez, aurreko hauteskundeen aurretik Berlusconik egin zuen lege aldaketak eragin zuen bizi berri duten Gobernu-krisia.

«Aldatu behar dugun lehen gauza hautes-legea da, baina ezin dugu soilki gure kabuz egin. Oposizioaren laguntza ezinbestekoa zaigu», esan zuen Prodik.

Inkestak

«La Repubblica» egunkariak (zentro-ezkerrakoa) atzo kaleratu zuen inkesta baten arabera, italiarren %81 hautes-legea aldatzeko beharrarekin bat dator.

Radio 24 irratian egindako elkarrizketan, Prodik Italia aldatzeko denbora eskatu zuen eta berak zuzentzen duen gobernua soilik 2006ko maiatzetik hona aritu dela lanean gogoratu zuen.

«Bederatzi hilabete nahikoak dira haur bat jaiotzeko, baina ez Italia aldatzeko. Emaidazue denbora», adierazi zuen lehen ministroak. Dena den, gobernu honen politikaren lehen ondorioak dagoeneko ikusi daitezkeela gaineratu zuen.

Horien artean, Italiako ekonomia iaz %1,9 hazi zela nabarmendu zuen, aurreko urteetan baino gehiago.

Bestalde, «Il Manifesto» egunkari komunistan argitaraturiko gutun batea, orain arte Rifondazione alderdiko Ezker Kritikoa korronteko kide izandako Franco Turigliattok «lintxamendutzat» jo zuen Afganistanera tropa gehiago bidaltzeko proposamenaren aurka bozkatu ondoren jasan duena.

Turigliattoren arabera, Prodik bere gobernuaren «bigarren garaia» hasi nahi du, ezkerra albo batera uzteko eta Gizarte-Segurantza erasotzeko asmoarekin. Horrez gain, Rifondazioneko nagusiek ezkerreko politikaren porrota ez onartzeko Turigliatto erabili dutela salatu zuen.

LINTXAMENDUA

Prodiren Gobernuaren politika neoliberala eta militarista salatzeagatik Rifondazione alderdiko nagusiak bera «lintxatzen» ari direla salatu zuen Ezker Kritikoko senatari Franco Turigliattok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo