GARA > Idatzia > Ikusmira

Irakeko haurrei kanpotik iritsi zaie sufrimendua

UNIFECek atzo jakinarazi zuen azterketaren emaitzak ez du inoren harridura eragin. Azterketaren arabera, lau milioi eta erdi haur irakiarrek malnutrizioa dute. Ez du inor harritu, alde batetik, jende askok uste duelako munduaren inguru horretan ohikoa dela horrelako egoera, pobreziaren edo gobernu ustelen politika bidegabeen ondorioz. Baina hori ez da Iraken kasua izan, orain dela zenbait urte arte behinik behin. Izan ere, Irak ez da herrialde pobrea, eta azken urteok arte ez zen UNICEFen horrelako txostenetan agertzen, bere inguruko herrialdeen aldean aurreratuenetakoa baitzen arlo horretan bezala beste askotan ere. Eta ez da aurreko erregimena goraipatu behar, ezta harekin bat etorri, errealitate hori onartzeko. Haurren malnutrizioaren kausak pobrezia, bortizkeria eta segurtasunik eza, eta azken horien ondorioz izaten diren lekualdatze ugariak, dira. Hala ere, pobrezia eta biolentzia, gerra egoera hori, ez da kasualitatearen ondorio, jatorri argia baitu. Golkoko lehenengo gerraren ostean AEBek ezarritako blokeoak eragin zuen haurren sufrimendua, eta herrialde haren okupazioak areago okertu du egoera hori. Beraz, erantzuleak ditu, batez ere Iraketik kanpo bilatu beharrekoak. Prest al daude eurak, ordea, erantzukizun hori onartzeko? Areago, munduko zer gobernu, erakunde edo auzitegi dago erantzuleak seinalatzeko prest?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo