Epaiketa politiko baten irtenbidea, artxibatzea
Atzo 18/98 makroprozesuak defentsaren ondorioen txandarekin jarraitu zuen Auzitegi Nazional espainoleko egoitzan. Defentsak esan zuenez, epaiketa hori bultzada politiko argi baten ondorio da. Salaketa hori ez da berria, baina; eta ez du defentsak soilik argudiatu; legelari, erakunde, alderdi politiko eta elkarte sozial eta sindikal ugari ere bat etorri baita epaiketa horren benetako izaera kalifikatzean. Eta hala sumatzen dute Euskal Herriko herritar gehienek. Akusazio konkreturik ez duen epaiketa, begirale gisa izan diren hainbat legelariren arabera burutazio hutsetan oinarritutakoa, armarik gabeko terrorismoaren irudia sortu duena... hori da herri honetako eta epaiketaren berri izan duen kanpoko edonork sumatu duena. Prozesuaren ezaugarria akusatuentzako bermerik eza izan da, etengabeko eskubide urraketa, hala-moduzko instrukziotik 16 hilabetean egunez egun jasan dituzten kalte ekonomiko eta psikologiko ikaragarrietaraino. Akusazioei entzun diegu epaituen arteko elkartasuna ETA erakundeko kide diren froga dela, edo pertsona jantziak izatea... Defentsak ondorioak azaltzeko bere lehen eguna irregulartasunok eta beste hainbat zerrendatzen eman zuen: zortzi ordu. Epaiketa horretan, ezer falta bada, elementu juridikoak dira, hain zuzen, eta irtenbide bidezko -eta itxuroso- bakarra artxibatzea litzateke.