Josu Juaristi GARAko zuzendaria www.josujuaristi.com
GARAren berrikuntzen zoko guztiak, zure eskura
Asteburuan beste hitzordu baterako gonbidapena egin genizuen orriotatik, Interneten dagoeneko martxan dagoen elkarrizketa edo solasaldiarekin bat egiteko asmoarekin egindako gonbita, neure blogarena, GARAko zuzendariaren blogean irakurleekin sustatu nahi genukeen komunikazio-esparru berria, zuzenagoa: www.josujuaristi.com.
Komunikazio-esparru hori martxan duzue dagoeneko, eskuragarri, hitza emateko eta neurea hurbiltzeko, gaurkotasunaren zorabioak batzuetan jorratu gabe uzten dituen gaiak mahai gainean jartzeko, hala nahi baduzue. Komunikazio aktiboagoa bultzatu nahi genuke, eta teknologia berriek eta komunikabide digitalek eskaintzen dituzten aukerak aproposak dira horretarako. Sinesten dugu guk horretan, eta etekina atera nahi genieke aukera berri horiei, urratsak egiten jarraitu ibilbide horretan, poliki-poliki, gauzak hobeto egiten saiatzen.
Parte-hartzea eta elkarrizketa, beste harreman mota bat, umila eta anbiziosoa era berean. Eta egokia iruditu zaigu justu orain jartzea martxan bloga, GARAri «astindu» ederra eman geniola hilabete delako eta hasi besterik egin ez den hobekuntza prozesuaren inguruko hartuemana bilatu nahi dugulako gure irakurleekin.
Berrikuntzen berri luze eta zabal eman nahi dizuegu, gure hausnarketa, helburu eta asmoen berri izan dezazuen; nondik gatozen eta noraino iritsi nahi dugun, noraino eraman nahi dugun, zuen eskutik, orain dela zortzi urte pasatxo abiatu genuen ibilbidea, Euskal Herrirako komunikazio proiektua. Eta, nahi baduzue, horiei buruz dituzuen iritziak eta ekarpenak helarazteko gonbita egin nahi dizuet. Denon artean, ahal dela, komunikazioa sendotu eta indartu dezagun. Datozen asteotan, beraz, egin ditugun eta egin nahi ditugun aldaketen berri emango dizuet Interneteko txoko honetatik, zehatzago.
Hau da, azken hilabeteotan egin dugun hausnarketa kontatu nahi dizuegu eta, bide batez, hedabideen bilakaera dela-eta, edota euskal komunikazio-esparruaren gainean irekita dauden solasaldietan geure ekarpentxoa egin, zuen iritziei ere bide emanez.
Otsailaren 4aren bezperan esan genuen bezala, egindako hausnarketa sakonaren eta elkarlanaren ondorio dira orain dela hilabete pasatxo hasi genituen hobekuntzak. Hausnarketak egunkari baten funtzionamenduaren eta lan periodistikoaren etengabeko eguneratzea jarri zituen mahai gainean, irakurleei begira betiere, eta ezinbesteko modernizazio teknologikoaren erronkari gogo handiz helduz GARAren arlo guztietan eta, orduan nabarmendu genizuen bezala, sarean bereziki. Laburbilduta, hausnarketak eredu periodistikoa, euskara, erronka teknologikoa eta diseinua sartu zituen platerean.
Eta horretan ari gara, buru-belarri, betiko konpromisoei ilusio eta proiektu berrituak eta berriak erantsiz.
Orain dela hilabete, egunkariari egin nahi genizkion lehenengo berrikuntzekin batera, sorpresatxo bat iragarri genizuen, egindako hausnarketari erabat lotua, eta udaberria baino lehenago gauzatuko zela agindu genizuen... eta sorpresak badu, dagoeneko, izena eta izana, GAUR8 deituko da.
GARAk, hasiera-hasieratik duen euskararekiko konpromisoa indartu nahi du eta, umiltasunez eta ilusio handiz, papera eta Internet uztartu eta aberastuko dituen proiektu periodistiko eta komunikatibo berria abiatu.
Aste honetan zehar emango dizuegu, egunkarian bertan eta martxan jarri berri dugun blogean, proiektu honen berri zehatzago, poliki-poliki gauzatzen eta sendotzen joango den proiektu honen berri, baina hitzordua jarria dago: datorren larunbata. Gonbidatuta zaudete denok!