Sabin Juaristi eta Oihana Agirre Askatasuneko kideak
Iñaki de Juana borrokaren irabazpena
Norbaitek pentsatzen al du, Iñakik berak eta milaka herritarrek egindako borroka izango ez balitz, Donostiako ospitale batean etxeratu arteko errekuperazioan izango denik?
Azken zazpi hilabeteetan, ez da egun bat bera ere igaro Euskal Herrian, Iñaki De Juana preso politikoaren askatasun eskaria era batera edo bestera egin ez delarik. Modu askotara, milaka herritar izan dira borroka honen partaide.
Iñaki hil ala biziko egoerara eraman duena kartzela politika denaz guztiok gara jakitun. Milaka herritarren borrokak hori izan du eta du buruan: espetxe politikaren erabateko eraldaketa. Demokrazia, esparru guztietatik behar baita izan eraikia.
Duela urtebete bi preso hil zituen espetxe politika horren izaera kriminalak, mendekuz beterikoa eta preso politikoen za- tiketa eta hondoratzea buruan duena, guztiok dugu ezagutzen. Asko izan dira ordea, De Juanaren egoera berari leporatu izan diotenak. Baita egoera larri baina era berean isolatu gisa aurkeztu izan digutenak ere, Bilbon izan zen Ertzaintzaren karga bezala. Egoera horiek ezer ezetik sortuak bailiran aurkeztuz eta nola ez, beti ere zapaldua eginez bere zapalkuntzaren errudun.
Baina gainetik kendu nahi den ardura horrek, ikusten dena baino askoz ere gehiago gordetzen duela jakina da. Jada ezkutatu eta saihestu ezin diren ahotsak baitira Euskal Herrian hitza eta erabakia demokraziaz eskuratzeko konpromiso eta urratsak eskatzen dituztenak. Horiek ez dira ezker abertzalearen edo errepresaliatu politikoen aspirazio soilak. Horiek gehiengo zabal batek bere jokabide eta aldarrikapenetan adierazten dituzten nahiak dira. Ezin dira isildu komunikabideen zentsura bidez, ez eta ezker abertzalearen ekimen guztiak debekatuz eta kolpatuz. Ezin dira ezkutatu biolentziari buruzko eztabaida faltsuetan.
Errepresio politikoaren zentzua testuinguru korapilatsu horretan ulertzen dugu. Zergatik desaktibatuko du Gobernuak edo PNV-k errepresio politikoa, honek lagundu egiten badie bere neurrirako prozesu bat inposatzeko? Prozesu demokratiko bat edo gezurrezko prozesu baten arteko lehia da salbuespen egoera eta debekuen atzean ezkutatzen dena. Euskal Herriaren gehiengoak nahi duen prozesu bat edo gatazkaren existentzia bere ondorioetara mugatu eta hauen desagerpenarekin herri honen eskubideak Espainia eta Frantziaren konstituzioetan enterratuak gera daitezen prozesu bat. Lehia hori da gaur Euskal Herrian bizitzen ari garena.
Gauza bat oso argi geratu da aste honetan. Iñaki De Juana herri honek askatu egin duela. Espainiako Gobernua guda-bahitu gisa erabiltzen ari zen preso politiko bat herri honek ekarri egin duela bere etxera, milaka herritarren ahalegin izugarri horren bidez, borrokaren bidez. Edo norbaitek pentsatzen al du, Iñakik berak eta milaka herritarrek egindako borroka izango ez balitz, Iñakik hasieran zuen 96 urteko zigorrerako eskaria azkenean 3 urtetako zigor batean bilakatu eta gero Donostiako ospitale batean etxeratu arteko errekuperazioan izango zenik?
Iñaki de Juana espetxe politikaren hatzaparretatik arrankatu dugun bezala, eskubide guztiak berreskuratzeko bidea borrokarena izango da aurrerantzean ere. Urratsak eman daitezen denen aldetik eta horretara bultzatuz beste aldera begiratzen jarraitzen dutenak. Demokrazia esparru guztietatik izan behar da eraikia, errepresiorik gabe, kanpo esku hartzerik gabe, xantaia eta mendeku politika kriminalik gabe, herri honek hitza eta erabakia askatasunez eta ez eskuak loturik, eskuratu ahal izan dezan. Beste era batera esanda eta preso politikoen kolektiboak otsaila osoan zehar landu duen borrokaren zentzua berreskuratuz: autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia Euskal Herriarentzat!