GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxiloketa prebentiboetako eta 8/97 auziko inputatuak CDNrekin bildu dira

Ostegunean berriro ere Auzitegi Nazional espainolean auzipetu gisa eseri beharko dute hamaika gaztek. Orain dela kasik hamabi urte atxilotu zituzten, adingabeak zirenean, baina gaurdaino ez da epaiketarik izan. Atzo, auzipetuok eta atxiloketa prebentiboetako beste hainbat inputatuk CDN alderdi politikoarekin bilkura egin zuten.

GARA |

Azken urteotan Auzitegi Nazional espainolak agindutako atxiloketa prebentiboetako hainbat auzipetuk, 8/97 sumarioko beste hainbat inputatuk eta beren senideek CDN alderdiarekin bilkura egin zuten atzo, Iruñean.

Orain dela kasik hamabi urte adingabeak zirenean atxilotu zituzten hainbat gaztek datorren martxoaren 8an itzuli beharko dute berriro ere Madrilera, 8/97 sumarioa dela-eta, auzipetu gisa epai ditzaten. Gazte horiek eta azken urteotan Poliziaren operazio prebentibo delakoetan preso hartu zituzten hainbat gazte nafarrek CDN alderdiarekin egin zuten atzo bilera, egoeraren berri ematearren.

Azken asteotan, gainera, bestelako alderdi politikoekin ere harremanak izan dituzte, eta bizi duten egoera dela-eta abian jarri zuten harreman dinamikan sartzen da. Hala, besteren artean, Aralarreko, Batasuneko eta Nafarroa Baiko ordezkariekin, bai eta CDNkoekin ere, antzeko bilkurak egin dituzte gazteok azken asteotan.

Kale borrokako sumarioari dagokionez, behin utzi dute bertan behera epaiketa, eta datorren ostegunean, martxoaren 8an, berriro ere Madrilera bertaratu beharko dute epai ditzaten. Oraingoan ere auzibidea bertan behera geldituko balitz, hurrengo ostegunean aztertu eta erabaki beharko luke Auzitegi Nazional espainolak hamaika gazte horien kontrako epaiketa jarraitzea edo eta hutsean utzi eta berriro ere hasieratik hastea.

Aipa alderdiarekin izandako bilkuraren karietara, CDNk prentsa adierazpen bat kaleratu zuen arratsaldean, eta bertan alderdiak auzipetuei emandako erantzuna jasotzen da. «Kolektibo honek justiziaren funtzionamenduaz egiten duen irakurketarekin CDNk ez du inondik inora bat egiten. CDNren iritziz, kale borroka estrategia terroristaren baitan sartzen da eta horregatik trataera judizial oso zehatza izan behar du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo