GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek Madrilen esku utzi du Nerea Garaizar, Auzitegi Nazionalean epai dezaten

Estatu frantsesak Auzitegi Nazional espainolaren esku utzi du Nerea Garaizar euskal presoa. 2001eko martxoaz geroztik bere aurka indarrean dagoen euroagindua dela-eta entregatu dute. Galiziako presidente ohi Manuel Fraga eraso egin nahi izatea leporatzen diote.

GARA |

Arratsaldeko lehen orduan iritsi zen Nerea Garaizar euskal herritarra Madrilera, Paristik zetorren hegazkin batean, Interpoleko hainbat poliziakideren zaintzapean. Auzitegi Nazional espainolak Garaizarren aurka euroagindua kaleratu zuela eta, epaiketa bati aurre egiteko behin behinean entregatu dute.

Orain dela bost urte pasatxo atxilotu zuten Garaizar Estatu frantseseko Auch herrian, ETA erakunde armatuarekin zerikusia zuelakoan. Berarekin ere, beste bi euskal herritar eraman zituzten gendarmeek atxiloturik, eta, hain zuzen ere, orain dela hiru aste epaitu zituzten Parisko auzitegi berezian. Garaizarri zortzi urteko espetxe zigorra ezarri diote, eta hiru asteren buruan izan da entregatua.

Behin-behineko entrega

Garaizar, 31 urteko euskal herritarra, denbora baterako entregatu dute Estatu espainolera, 2000ko urrian orduko Galiziako Xuntako presidente Manuel Fragari erasoa egiteko asmoetan parte-hartze zuzena duelakoan.

Hala, 2001eko martxoan Guardia Zibilak Alizia Saez de la Cuesta euskal herritarra atxilotu zuen Galiziako hiriburuan, eta, orduz geroztik, Garaizarren aurkako euroagindua indarrean mantendu du Auzitegi Nazionaleko instrukzioko lehen aretoak. Izan ere, Manuel Fragaren aurka atentatua prestatzeaz akusatu baitzuen Poliziak Garaizar, Saez de la Cuestarekin batera.

Baina Garaizar ez zuten hilabete batzuk igaro arte atxilotzea lortu. Gainera, Estatu frantsesean atxilotu zuten. Hala, Auzitegi Nazionalak haren gain mantentzen dituen akusazioei aurre egiteko eraman dute Parisetik Madrilera, behin-behinean. Auzitegi Nazionalak epaitu ondoren berriro ere Estatu frantsesera eramango dute, zortzi urteko zigorra betetzera.

mOBILIZAZIOAK

Iurretan, presoen alde, 55 lagun elkartu ziren, 35 Hondarribian, 20 Zaldibian, 13 Euban, 23 Astigarragan, 32 Laudion, 25 Bermeon, 21 Otxarkoagan, 17 Ataunen, 15 Añorgan eta 28 Donostiako Altzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo