GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nekazaritzarekin loturiko gaiak jorratuko ditu VI. Gizarte Foroak Ainhize-Monjolosen

Maria AIZPURUA |

Porto Alegren 2002an egindako Munduko Gizarte Foroaren haritik sortu zen Ipar Euskal Herriko Foroa duela sei urte. Aurten, bereziki nekazaritzarekin lotutako gaiak jorratzea deliberatu dute «baina ez soilik laborarien ikuspegitik», Julien Lacoste antolatzaileetako batek adierazi duenez.

Iaz jakinarazi zuten moduan, kostaldean ez ezik, barne aldera ere hedatu nahi izan dute ekimena, «bertako eragileekin elkarlana sustatzeko». Horrenbestez, seigarren Gizarte Foroa Euskal Herriko Laborantza Ganberak Ainhize-Monjolosen duen egoitzan izanen da datorren larunbatean, martxoak 10, 10.00etatik goiti.

Hitzaldia eta lantegiak

Transgenikoak eta enpresa talde handiek naturako elementu biziak nola bereganatzen dituzten aztertuko dituzte goiz-partean, Jean- Pierre Berlan Montpellierko INRA (Nekazaritzako Ikerketa Institutua) zuzendariaren eskutik.

Eguerdian eten bat egingo dute bazkaltzeko. 13.00etan, nahi duenak Tokia konpainiak antzeztuko duen obra ikusteko parada izango du.

Aurtengo edizioan lau lantegi bakarrik antolatu dituzte: «Besteetan baino iraupen luzeagoa izango dute. Konturatu gara askotan gaia ezagutarazteko bakarrik denbora dexente behar dela eta gero eztabaidarako tarte eskasa geratzen zela». Lantegiak 14.30ean hasi eta 18.30ean amaituko dira, oren erdi bateko pausa egin eta gero.

«Euskal Herriko haziak gorde eta garatu» izenpean Biharko Lurraren Elkarteak bereziki artoaren inguruan egiten ari den lana azalduko du. Laborariek jasotzen dituzten diru-laguntzen banaketa desorekatua eta Nekazaritza Politika Komuna izango dira beste lantegien gaiak. Hirugarren batean, energia berriztagarriez arituko dira; eta laugarrenean, berriz, euskal kultura, mundializazioa eta ordezko kultura izango dute hizpide. Antton Luku idazleak eta Ander Lipus antzezle eta zuzendariak esku hartuko dute.

Eguna amaitzeko, aperitifa eta afaria izango dira musikaz lagunduta, eta 20.30ean Brankaleon eta Ekintza taldeen kontzertua.

Egitarauaren atariko, asteazkenean Donibane Garaziko Vauban zineman «Le bien commun» filmaren emanaldia izango da, 20.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo