GARA > Idatzia > Ekonomia

Nekazaritza hauteskundeen emaitzen arabera berritu ditu EHLGk egiturak

Urtarrilean Paueko Nekazaritza Ganberarako egin ziren hauteskundeetan izandako emaitzen arabera, Euskal Herriko Laborantza Ganberak zazpi kolegioak berritu ditu. FDSEA eta Coordination Rurale sindikatuen ordezkariak berriz gonbidatuko ditu bertan parte hartzera.

Maria AIZPURUA |

Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) atzo egin batzarrean bere zazpi kolegioetako partaideak berritu zituen, Paueko Nekazaritza Ganberarako duela hilabete egindako hauteskundeetan sindikatuek lortu zituzten emaitzen arabera.

Mixel Berhokoirigoin lehendakari lanetan jarraituko duenak adierazi zuen bai FDSEA bai Coordination Rurale sindikatuak Laborarien kolegioan dagozkien eserlekuak -bederatzi lehenengoarentzat eta bat bestearentzat- hartzera gonbidatuko dituela ofizialki. ELBk hamaika izango ditu aipatutako kolegioan.

Horrez gain, Laborari ohien kolegioa, soldatapeko nekazarikoena, kontsumitzaileen elkarteena, ingurumena lantzen duten elkarteena, nekazaritzaren garapenerako elkarteena eta Laborantza Ganberako Laguneko kolegioak berritu dituzte.

Zuzendaritza Batzordean aldaketa gutxi izan dira. Berhorigioinez gain, Maryse Cachenaut-ek, Francis Poineauk eta Arno Cachenaut-ek batzordekide izaten jarraitzen dute, lehendakariorde, diruzain eta idazkari zereginetan, hurrenez hurren. Beñat Molimos bunuztarra da izendatutako kide berri bakarra.

Bi helburu nagusi

Berhokorigoinek EHLGko bi helburu nagusiak gogorarazi zituen. Lehena, laborarien esparruan baita gizartean bertan ere lan egitea, nekazaritza eredu iraunkorra, herrikoa eta ingurumena zainduko duena garatzeko, eta bigarrena, indarra egitea Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak premiazkoa duten nekazaritza erakundea erdiesteko. «Etengabe tresna hori exijitzen jarraituko dugu, eskaera bizirik manten dadin», esan zuen EHLGko lehendakariak.

Maryse Cachenaut-ek iazko balantzearen atal nagusiak azaldu eta 2007rako finkatu dituzten ardatz nagusiak aurkeztu zituen jarraian.

2007rako lanak

EHLGk aurretik datozen gaiak lantzen segituko du; hau da, laborariei alor juridiko eta administratiboan laguntza ematea; hainbat esparrutan (ardi esnearen ekoizpen sistemak, bazken garapena, autonomia energetikoa lortzeko landare-olioekin egiten ari diren esperientziak, klima aldaketaren eraginak...) egiten ari diren azterketa eta datu-bilketa jarraitzea, baita lurraldeko gainerako eragileekin elkarlana sustatzea ere, esaterako Hego Euskal Herriko eragileekin harremanak eta lan komunak indartzea edota, aurten ere, Lurrama azoka egitea.

Lan berriei ekiteko asmoa dutela esan zuen Cachenaut-ek. Horien artean, baserritar ofizioa sustatzeko ekimenak, mendi lurren eta ibarrekoen arteko osagarritasuna lantzea, bertako bazkaren bankua sortzea eta ardigintzako kalitatea bermatzeko neurriak sakontzea.

EPAITEGIA

Paueko Epaitegiak gaur aztertuko du Laborantza Ganberako Lagunak EHLGri emandako diru-laguntzei buruzko helegitea. Zergen aitorpenetik kentzea debekatuz fiskoak emandako agindua eteteko eskatzen dute.

Transgenikoen erabileran luzamendua eskatzeko mozioa

Pirinio Atlantikoetako Departamenduan hainbat enpresak (Lur Berri, Pau-Euralis) arto transgenikoa merkaturatzeko hartu berri duten erabakia Ipar Euskal Herriko ustiapenen %60ren kaltetan izango dela uste du Euskal Herriko Laborantza Ganberak.

Izan ere, ustiapen horietan kalitatezko edota labeldun ekoizpenak egiten dituzte eta, horrenbestez, behartuta daude haztegietan eta azienda hazkuntzan transgenikorik ez erabiltzera. Kalitatezko sarean, Ossau-Iraty sor-marka duen gazta egiteko artaldeak Departamenduko landalurren bi herenak ukitzen ditu. Horrez gain, beste landaketak kutsatzeko arrisku handia dagoela diote, eta kontsumitzaile gero eta gehiagok transgenikoen erabilera arbuiatzen du.

Estatuan arautegi argirik ez dagoenez eta badaezpa-dako printzipioan oinarrituta, trasngenikoen erabileran luzamendua eskatzeko mozioa onartu zuen, aho batez, EHLGk. Kalitatezko ekoizpenen sare osoko arduradunak deitu dituzte bide batez, hartutako konpromisoak bete daitezen beharrezko neurriak har ditzaten. Arautegi zehatzik ezean, hautetsiei eta agintari politikoei ere erantzukizunak har ditzatela eskatu die. M.A.

MOBILIZAZIOA

EHLGri sorreraz geroztik egiten ari zaizkion erasoaldi guztiak salatzeko, mobilizazioa antolatu du Laborantza Ganberako Lagunak. Jai giroan egingo dute Baionan, martxoaren 17an, 11.00etatik goiti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo