Belar hockeya
Galtzen aritu arren, Atletiko San Sebastianek mendean hartu du Jolaseta
J.L. | DONOSTIA
Hilabete batzuetako atsedenaren ostean, herenegun abiatu zen belar gaineko hockeya. Gizonezkoen Ohorezko Mailan, gainera, euskal derbia jokatu zuten Atletiko San Sebastianen eta Jolasetaren artean, eta puntuak etxean geratu ziren.
Mendizabalek lortutako golak aurreratu zituen etxekoak, baina bizkaitarrek aurrera egin zuten, eta bigarren zatiaren hasieran partidari buelta eman eta 1-2 aurreratu ziren. Orduan, ordea, gipuzkoarrak esnatu egin ziren, eta Mendizabalek eta Oscarisek lortutako bi goli esker, 4-2koa jarri zuten markagailuan.
Emakumezkoetan, Realak 0-3 irabazi zuen Taburienteren zelaira egin zuen bisitan. Hasieratik ikusi zen zuri-urdinak gehiago zirela, eta lehen zatian 0-2 aurreratu ziren Caldarak eta Rochik lortutako golei esker. Bigarren zatian, Polik lortu zuen hirugarren gola.
Jolasetak oraingoan ere ezin izan zuen garaipenik lortu, eta 0-2 galdu zuen etxean Junior taldearen aurka.