Manex Agirre, irabazle Arabako Txapelketako azken kanporaketan
Araia sagardotegian joan den asteburuan jokatutako azken kanporaketak erabakita utzi ditu Arabako Bertsolari Txapelketako bi finalaurreetako parte-hartzaileak. Hilaren 18an eta 25ean jokatuko dira, Ondategin eta Aramaion, hurrenez hurren.
GARA | ARAIA
Larunbat gauean, ilargiak eklipsea izaten zuen bitartean, jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa, Araian, Araia sagardotegian. Bertara joan ziren 30 lagun inguruk Iñaki Viñaspre gasteiztarra, Josu Ormaetxea urbinarra, Manex Agirre aramaioarra, Rikardo Gonzalez de Durana oreitiarra, Andere Arriolabengoa aramaioarra eta Felipe Zelaieta gasteiztarra aurrez aurre ikusteko aukera bikaina izan zuten, Lierni Altunaren gidaritzapean,
Saioa, orokorrean, nahiko ongi joan zen. Ofizioko lanetan ideia freskoak entzuteko aukera izan zen eta bakarka ere fin samar ibili ziren bertsolariak.
Behin lan puntuagarriak amaituta, gauerdi inguruan, epaimahaiak epaia eman zuen. Gazteenak nagusitu ziren, Manex Agirrek lortu baitzuen finalaurrekoetara pasatzeko txartel zuzena 154 punturekin; bigarren, Iñaki Viñaspre, 149 punturekin; hirugarren, Andere Arriolabengoa, 147,5 punturekin; laugarren, Rikardo Gonzalez de Durana 144 punturekin; bosgarren, Felipe Zelaieta, 141,5 punturekin eta seigarren, Josu Ormaetxea, 100,5 punturekin.
Joan den ostiraleko saioan Oihane Perea aguraindarra izan zen nagusi eta berak lortu zuen finalaurrekorako txartel zuzena. Bigarren Izar Mendiguren izan zen eta hirugarren, Ruben Sanchez. Saioa Luis Cañas bodegan jokatu zen. Bertsolari Txapelketa bat upategi batean jokatzen zen lehenengo aldia zen.
Orain, finalaurrekoak
Horrela, aurtengo finalaurrekoetako partaideak erabakita gelditu dira. Asteburu baten atsedenaldiaren ostean, bertsoei berriro ekingo diete. Lehenengo final-aurrea Ondategiko Zigoitia aretoan jokatuko da, martxoaren 18an, 17:30ean, eta bertan Zigor Enbeita, Manex Agirre, Izar Mendiguren, Ruben Sanchez, Iñaki Viñaspre eta Felipe Zelaieta arituko dira finaleko txartela lortu nahian.
Bigarrena Aramaion jokatuko da, martxoaren 25ean, 17:30ean, bertako Kultur etxean, eta bertan Oihane Perea, Asier Otamendi, Serapio Lopez, Juan Mari Juaristi, Andere Arriolabengoa eta Rikardo Gonzalez de Durana arituko dira nor baino nor.