GARA > Idatzia > Mundua

ABko tropak Somaliara heldu dira eta berehala aireportuari eraso diote

Afrikako Batasuneko (AB) tropak Somaliara heldu ziren atzo Abdullahi Yusuf Ahmed-en Gobernua milizia islamiarrengandik babesteko. Somalia inbaditu zuten Etiopiako soldaduak ordezkatuko dituzte. Heldu eta berehala, Muqdishoko aireportuari granadekin eraso zioten.

GARA |

Afrikako Batasuneko (AB) tropak atzo iritsi ziren Muqdishora, Somaliako hiriburura, eta heldu eta berehala zenbait granada jaurti zituzten aireportuan.

Aireportuko agintariek azaldu zutenez, Ugandatik zetozen ABko tropek ez zuten arazorik izan bertan erori ziren granadekin, gutxienez zazpi. Ez zekiten nork egin zuen eraso hori.

Etiopiako soldaduek lagunduta Abdullahi Yusuf Ahmed-en Somaliako behin-behineko tropak Muqdishon abenduan sartu zirenetik, bertan liskar ugari izaten ari da epaitegi islamiarren eta gerra-jauntxoen milizien artean.

Egoera horri aurre egiteko, joan den abenduaren 19an ABk nazioarteko indarra bidaltzea erabaki zuen. Asmoa 8.000 soldadu bidaltzea zen, baina orain arte 4.000 soilik elkartu dituzte. Uganda, Nigeria, Burundi eta Ghana dira soldaduak eskaini dituzten estatuak.

Ugandako soldaduak Somaliara heltzen lehenak dira, eta herri hori inbaditu zuen Etiopiako Armada ordezkatu beharko dute. 300 soldadu iritsi ziren atzo Muqdishora, Aljeriak utzitako hegazkinak erabilita. Soldaduez gain, hegazkin horietan material militarra zegoen; ibilgailu blindatuak eta tankeak, adibidez. Hemendik aurrera, milizia islamikoak desarmatzea izango dute lanik garrantzitsuena.

Atzerriko soldaduen laguntzarik gabe, Yusuf Ahmed-en Gobernuak nekez egingo lieke aurre milizia islamiarrei.

«Gaur ekingo diogu formalki Somalian ABk izango duen zereginari», nabarmendu zuen aireportuan bertan erakunde horretako ordezkaritzaren nagusi Mohamed Ali Foamek.

Ali Foamek azaldu zuenez, nazioarteko indarraren soldaduen zeregina Somaliako agintariei «bakea berrezartzen eta jendea adiskidetzea bultzatzen» laguntzea izango da. Nazioartako tropak AMISOM (ingelesez Afrikako Zeregina Somalian hitzen siglak) izenarekin arituko dira.

Atzo aireportuan izandako erasoaren ondoren, tiroketa bat izan zen Etiopiako soldaduen eta armak zeramatzan gizon talde baten artean. Azken horiek aireportuari eraso ziotenak direla uste dute.

1991. urtean Mohamed Siad Barre diktadorea boteretik kendu zutenetik ez dute ez bakerik ez eta gobernu iraunkorrik ere izan Somalian. Eskualdeko gerra-jauntxoak elkarri erasotzen ibili dira. 1992. urtean AEBek Somalia inbaditu zuten Itxaropean Itzuli operazioan, baina handik lasterka atera behar izan zuten. Eskualde batzuek Muqdishoko agintariei bizkarra eman diete eta independentzia aldarrikatu dute.

ITSASLAPURRAK

Jakiak Somaliara eramateko NEBk kontratutako MV Rozen ontzia itsaslapurrek harrapatu zuten, duela hamar egun, Gara'ad herrialde horretako hegoaldean dagoen eskualdean, atzo jakinarazi zutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo