GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jesus Mari Zabala euskal presoa gose-greban, bihar Estatu espainolera entrega dezakete-eta

GARA |

Askatasunak atzo jakinarazitakoaren arabera, Jesus Mari Zabala Mugira euskal preso politikoa gose-greban dago joan den otsailaren 16az geroztik, bihar Estatu frantsesak ezarritako espetxe zigor osoa beteko baitu eta, beraz, Estatu espainolera entregatzeko arriskua duelakoan. Besteren artean, «Estatu espainolera eramateak, adierazten duen tortura arriskuari aurre egitearren», kasik hiru aste daramatza barauan.

Zabala 2000ko irailaren 16an atxilotu zuen Polizia frantsesak Baionan, eta orduz geroztik makina bat presondegitan egon da. Egun, Saint Martin de Re-ko kartzelan dago eta bihar kaleratzekoa dute kaleratzeko egun gisa. Hala, Estatu espainolera eramateko duen arriskua salatzearren eta errepresioaren aurkako taldeak dioen bezala «tortura arriskuari» aurre egitearren gose-greba hasi zuen joan den otsailaren 16an.

Baina ez da gose-greban aritu den euskal preso politiko bakarra. Askatasunak atzo jakinarazi zuenez, Mikel Negrete, Paueko espetxean euskal preso politiko bakarra ere gose-greban egon baitzen otsailaren 1etik 22ra bitarte. Paueko presondegian ezarri dizkioten bizi baldintzak salatzeko eta bere eskubideak errespeta ditzatela exijitzeko hasi zen greban Negrete, Askatasunaren arabera.

Epaiketa, gaur, Bilbon

Bestalde, eta Estatu frantsesean ere, bost euskal preso epaitu dituzte egunotan Parisko auzitegi berezian. Hala, joan den ostegunean hasitako epaiketa atzo amaitu zen eta epai-aretoa osatzen zuten epaileek ondoko espetxe zigorretara kondenatu dituzte euskal herritarrak: Xabier Abaunzari 14 urteko espetxe zigorra; Lexuri Gallastegiri 10 urte; Manex Zubiagari 10 urte; Angel Lopezi 1o urte, eta Anartz Oiartzabali, 7 urteko zigorra.

Herenegun, Nerea Garaizar Estatu espainolera eraman zuten eta Auzitegi Nazional espainoleko epaile Santiago Pedrazek espetxeratua izateko agindua eman zuen atzo goizean.

Bestalde, gaur, Bilboko hainbat gazte epaituko dituzte bertako auzitegian, orain urtebete inguru «El Mundo» egunkari espainolaren egoitza aurrean elkarretaratze batean parte hartzea egotzita. Elkartasun elkarretaratzea izango da epaitegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo