GARA > Idatzia > Ikusmira

Informazioa eman, eztabaida ahalbidetu

Lakuako Gobernuak hitz gogorrak esan zizkion joan den astean ELAko idazkari nagusiari. Erantzun bortitz horren arrazoia? Jose Elorrietak AHT proiektuari eginiko kritikak. Egitasmo erraldoi horren gainean bere zalantzak azaldu eta horren atzean izan daitezkeen interesei buruz irrati publiko batean aritzeagatik jaso zuen Elorrietak Lakuako Gobernuaren zaplaztekoa. Izan ere, atzo bertan, Abiadura Handiko Trenaren auzian kezkak baino areago informazio falta nagusitzen dela argi utzi zuen AHT Gelditu! Elkarlana taldeak.

EHUko soziologia irakasle batzuek eginiko inkestaren emaitzak jakinarazi zituen taldeak. Azterketa AHTk izango duen ibilbidean dauden herrietan egin dute. Hala eta guztiz ere, herri horietan ere trenbide berriari buruz oso informazio eskasa dute. Lau lagunetik hiruk aitortu dute informazio gutxi edo oso gutxi dutela horren inguruan; beste alde batetik, %69ren ustean, erakundeek informazio gutxi zabaldu dute. Gehienek adierazi dute, bestalde, zabalduriko informazioa ez dela gardena izan, baizik eta «partziala eta interesatua». Inkestak egitea bereziki maite du Lakuako Gobernuak, eta arreta bereziaz begiratu beharko lioke azterketa horri. Eztabaida ukatu ordez, herritarrei benetako informazioa eman eta iritzi trukaketa ahalbidetuko lukeen prozesua abian jartzea gehiegi eskatzea al da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo