Agustin Olabe Oskaritz | Lekarozko institutoko langileen izenean
Ezin dugu gehiago itxaron
Lazgarria benetan otsailaren 28an N-121 errepidean gertatutakoa. Berriro ere istripua eta hildakoa. Kasu honetan Oihana Altuna Zuazobide, gure lagun eta lankidea. Bat gehiago... beste bat... heriotzaren errepideari gehitu beharrekoa. Noiz arte horrela?
Afera hau aspaldiko kontua da, zalantzarik gabe, baina gai honi urteetan eman zaion trataera ikusita guztion etsipena ere aspaldikoa da. Aipatu errepidea betidanik egon da bazterturik, inoiz ez zaio behar bezala errepidearen moldaketari ekin, eta egun, orain dela urte asko bezala, istripuak istripuen gainean pilatzen zaizkigu. Eta, beraz, egoera jasanezina da benetan.
Hurrengo lerroetan ez dugu jendeak, jada, ez dakien ezer adieraziko, baina garbi dago egoera bidegabe honetaz nazkaturik gaudela. Horregatik gure haserrea plazaratu nahi dugu.
Jakin badakigu, gure lankideari eta beste askori gertatutakoa ekidin egin behar zela, aldez aurretik neurriak hartu behar zirela. Zeren zain daude agintariak? Zergatik ez dira neurri horiek garaiz hartu?
Gertaera hauetan garbi dago, badirela erantzule batzuk eta, horrez gainera, garbiago dago oraindik, gaurtik bertatik aspaldian hartu ez ziren neurriak hartu behar direla. Guk ongi aski dakigu zeintzuk diren neurri ho- riek. Horregatik, gure samina eta haserrea azaltzeaz gainera, neurri horiek lehenbailehen har daitezela exijitzen dugu.