Blanca IZKUE | Musikagintzako langilea
Itzultzen direnak. Irauten dutenak
Barricada Nafarroako Principe de Viana sarirako proposatuko dutela jakin dudanean, zera etorri zait gogora: Ingalaterrako erreginak bere garaian antzeko omenaldia egin zion The Beatles taldeari, eta beren lana saritzeko domina bana eman zien taldekideei. Taldea desegin ondoren, John Lennonek, bakarkako emanaldi batean, bere dominaren gainean kaka egin zuen
Diskoen salmentaren beherakadaz luze solastu gara, beti alde txarrak nabarmenduz. Krisialdi honi alde positiboa bilatzekotan, berriz, zaleok ondorio pozgarri bat ere aurkitu diogu: rock taldeek zuzeneko gehiago egiteko beharra dutela. Diskoen diru-iturria agortuta, sosak kontzertuetan lortu behar. Aldaketa, azken urteotan ugaritu diren jaialdietan atzeman daiteke.
Taula gainean ikusiko genituenik sekula imajinatu ez dugun zenbait talde mitiko zuzenean entzuteko parada izan dugu, Bilbon eta Gasteizen antolatu diren jaialdietan kasu. «Atapuerkar» horien itzulerak, aldiz, duda eta mesfidantza sortzen dizkigu, horien artean helburu bakarra patrikak betetzea dutenak daudelako. Adibide paregabea Sex Pistols-ek eskaini zuena izan zen: taldea batu eta, inongo lotsarik gabe, «aberasteko bira» izenarekin kontzertu sorta eman zuten han eta hemen. Inor engainatu gabe, garden eta gordin, punkiak beti.
Beste batzuek hala-moduz batu dute berriro taldea, zenbait taldekide jada zenduak zirelako, eta penagarri samar agertu zaizkigu. Inor mintzeko asmorik gabe, berpiztutako Lazaro koadrila honen adibide gisa The Doors ikusi dugu berriki. Eskerrak The Cult taldeko abeslaria izandako Ian Astbury fitxatu duten, taldekideen batezbesteko adina apur bat jaisteko.
Rock izar horien aldean, rock munduan bizirik dirautenak ere baditugu, bizitza osoa errepidean eman dutenak. Farandula munduan hasi zirela hogeita bost urte bete dituen Barricada taldea aipatu beharra dago hemen.
Bateria-jotzailea izan ezik, taldearen sortzaileek elkarrekin jarraitzen dute. Ibilbide luze hau saritzeko, Nafarroako Principe de Viana sarirako proposatuko dituzte Atarrabiako Udalean, «probintzia» honen musika enbaxadoreak izateagatik.
Ez dakit nik aurrera jarraituko ote duen izendapenak eta hautagai izatera helduko ote diren, are gutxiago irabazle. Baina albistea jakin dudanean, zera etorri zait gogora: Ingalaterrako erreginak bere garaian antzeko omenaldia egin zion The Beatles taldeari, eta haien lana saritzeko domina bana eman zien taldekideei. Taldea desegin ondoren, John Lennonek, bakarkako emanaldi batean, bere dominaren gainean kaka egin zuen. «Drogas» eta konpainia ezagututa, isurketa fisiologikoen bidez agian ez, baina Miguelicoren gobernuaren kultur erakundeei ere seguru asko eskerrak emateko gogo biziak izanen dituzte.