GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Azpiroz | Elkano browning cream nazioarteko hirukotearen arduradun donostiarra

«Orain dela hamar urtekoa baino askoz irekiagoa ikusten dut musika egoera"

Makina bat musikariren egitasmoetan aritu ostean, Franck Mantegari bateria-jotzaile paristarrarekin eta aspaldiko lagun mina duen Matt Harding estatubatuarrarekin bildu da oraingoan Mikel Azpiroz teklatu-jotzaile donostiar aparta, berak sortutako kantuak Elkano Browning Cream hirukotean aurkezteko.

Anartz BILBAO | BILBO

Musikari aparta dugu Mikel Azpiroz donostiarra. Lau Behi taldean ezagutu genuen gitarra joz, baina teklatu-jotzaile gisa egin du, zalantzarik gabe, duen ibilbide oparoa. Guztiak ezin aipatu baditugu ere, Parafunk taldea sortu zuen Javi Pezekin batera eta, besteak beste, Negu Gorriaken azken diskoan edo Anje Duhalderenean parte hartu du. Zuzenean, Jabier Muguruza lagundu zuen, baita Mikel Erentxun ere urte batzutan zehar. Egun, Rafa Ruedarekin ari da zuzenean, baita Ameriketako Estatu Batuetan ezagutu zuen Matt Harding lagunarekin ere.

Orain, ordea, nazioarteko hirukote trebea bildu du bere egitasmo propioa garatzeko, Elkano Browning Cream bero eta zirraragarria. Disko bikain horri buruz aritu gara, urte hasieran Ekuadorren izan ostean, Arrasaten, Bilbon eta Gasteizen jotzen dutela profitatuta.

Mikel Azpirozen egitasmoa al da Elkano Browning Cream?

Bai, nik urteetan ondu ditudan abestiak dira. Garai batean, gainera, duela hiru edo lau urte, Elkano Browning Cream izenarekin eman nuen zuzeneko bat edo beste ere, Karlos Aranzegi eta Fran Iturbe, Bide Ertzeaneko kideekin.

Nazioarteko hirukotean emana, gitarra-jotzaile amerikarraeta bateria-jotzaile paristarrarekin?

Matt Harding (gitarra-jotzailea) aspalditik dut ezaguna, Ameriketako Estatu Batuetan elkarrekin ikasi genuelako. Mattek orduan New Yorken bizi zen Franck Mantegari (bateria-jotzailea) paristarra ezagutu zuen, besteak beste Alpha Blondy edo Sant Germainekin jotako musikari bikaina. Matten zuzenekoak ematen hasi ginen hirurok elkarrekin, eta nire abestiek gustatzen zitzaidan feeling-a hartu eta oso ondo funtzionatzen zutela ikusi nuen eta bi musikari horiekin abestiak grabatzea pentsatu nuen. Horrela sortu zen, planifikatu gabe.

Bitxia, izena.

Donostian duela urte batzuk, San Telmo museoan, «Hiria» izeneko erakusketa batean, iragarki bat ikusi nuen apal batean, duela ehun bat urtekoa, Elkano Browning, eguzkitarako krema batena. Elkano izeneko batek eginikoa, antza orduko botikari bat edo izango zena. Oso izen groove-a iruditu zitzaidan, Donostian, Belle Epoquen eta ingelesez. Egiten ari nintzen abestietarako oso aproposa ikusi nuen.

Disko etxea zuk zeuk sortua da.

Bai, alde praktiko batetik. Disko hau grabatu nuenean ez neukan gogorik ate joka hasi eta egindakoa erakusten hasteko, gainera jakinda inork ez zuela promoziorako diru askorik jarriko. Beste edonork egingo lukeen lana nik neuk maitasun handiz egitea pentsatu nuen. Horregatik sortu nuen Mamusik, kanpoko banatzaileen laguntza -Dock-Land- daukagun arren, baita hemendik aurrerako egitasmoak era berdinean egiteko ere.

Hona galdera zail bat. Nola definituko zenuke musikalki Elkano Browning Cream?

Dantzarako musika da, gorputza mugiarazten duena. Club-erako musika izan daiteke, groove-a, musika alaia. Gauerakoa eman dezake, baina goizean jaikitzen zarenean entzutekoa ere bada, «rollo» ona sortzen duen musika baita.

Gurean ez al da umezurtz dagoen proposamena?

Gero eta proposamen gehiago dago. Orain, Iruñeko Wagon Cookin´, Bilboko Cherry Boppers, Ortofunk. Javi Pezen banda, baita Makalarena ere... Fermin Muguruzaren banda ere ez dabil oso urrun. Periodistikoki etiketa ezberdinak dituzten estiloak izan arren musikalki gertu daude. Alde horretatik Euskal Herriko egoera askoz irekiago ikusten dut orain dela hamar-hamabost urte baino.

Estatu Batuetan, Txinan eta etxean zuzenean grabatua?

Ez dugu zuzenean grabatu, baina bai alde batetik bestera. Matt Hardingen azken aurkezpenetan Ameriketako Estatu Batuetan hasi ginen aurreneko abestiak grabatzen. Zein ondo funtzionatzen zuten ikusita eta Txinara gindoazela jakinda, nire eskuko ekipoa eraman nuen bertara, grabatzeko mikrofono on batzuk, ordenagailua... Txinan hilabete eman genuen ia gauero jotzen eta egunean zehar abestiak grabatzen genituen. Gero Euskal Herrian, etxean bukatu nuen prozesu guztia.

Bazter eta kultura ugari ikusi dituen lana dugu, beraz.

Bai, alde batetik bestera ingurumen ezberdinetan sentsazio ezberdinak izaten dira, eta polita da orain hori gogoratzea.

Sumatzen al da ezberdintasun hori, entzuleari dagokionez.

Nahiko hizkuntza kosmopolita da, ohituta gaude musika hau entzutera. Dantzarako musika da, gerria mugitzekoa eta animoa gora ekartzekoa eta zorionez Euskal Herrian zein Ameriketako Estatu Batuetan antzeko eragina sortzen du jendearengan, harrera ona eragiten du.

Izango al du jarraipenik.

Bizitzak berak esango du hori, baina lehenengo diskoak nola funtzionatu duen ikusita, gustatuko litzaidake hemendik hilabete batzuetara beste disko bat egiteko aukera izatea. Orain, adibidez, hiru astez elkartuko gara eta abesti berriak grabatzeko aprobetxatuko dugu. Gu pozik gaude emaitzarekin.

groove

«Elkano Browning Cream dantzarako musika da, gorputza mugiarazten duena. Musika alaia, `roilo' ona sortzen duena»

Fitxa

Larunbata 10: 22.00etan Arrasateko 3.60 Aretoan. +THE CHERRY BOPPERS.

Asteartea 13: 19.00etan Bilboko FNACen.

Asteazkena 14: 19.00etan Gasteizko Unibertsitateko Pabilioian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo