Topaguneak
Topaguneak Txorierrira eramango du «Eskualdeko zirkuituak" ekimena
TXORIERRI | Martxoaren 15etik 30era
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, tokian tokiko elkarteekin batera antolatzen duen «Kultur Errota» zirkuituaren bidez, Txorierrira eramango du datozen egunetan eskaintza berria: «Eskualde zirkuitua». Zirkuituak elkarlanean jarri ditu Derioko Tximintx, Zamudioko Lagatzu, Lezamako Zorrizketan eta Larrabetzuko Arrekikili elkarteak, umoreari eskainitako kultur zirkuitua osatzeko. Lehendabiziko aldia da eskualdeko euskara elkarteek halako proiektu komun batean dihardutena, eta laurek ere esperientzia horrek antzeko elkarlanari eusteko itxaropena dute, Topaguneko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Txorierriko kultur zirkuituak sei emanaldi izango ditu, martxoaren 15etik 30era bitartean. Saioetan hartuko dute parte Asisko Urmenetak eta Edorta Agirrek, Etxahun Lekuek, Oihana Bartrak eta Xabi Payak, Gilkitxaro antzerki taldeak, Xabier Amurizak, Erdizka Lauetan taldeak eta Sustrai Colinak eta Onintza Enbeitak. Topagunearen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, eta hori lortzeko, besteren artean, «Kultur Errota» zirkuitua antolatzen du, federazioko kide diren euskara elkarteekin batera. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatuta, hiru helburu lortzen ditu Topaguneak: euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen ekoizpena sustatzea.