GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Iruzurraren" kontra eta euskalduntzen duen eskolaren alde kateatu ziren lau gazte Gasteizen

GARA |

«Iruzur berririk ez! Eskolak euskaldundu behar du» lelopean, ekimena egin zuten atzo lau gaztek Gasteizko Legebiltzarrean, beren burua kateatuta. Gaur, Hezkuntza Batzordeak eskola ereduen inguruko eztabaida egingo du han. Kateatutako euskalzaleek uste dute «herritar eta eragile ugari bazterrean utzita egin den proposamena» dela Tontxu Campos sailburuak aurkeztuko duena.

«Eztabaida historiko baten aurrean izango gara, baina dagoeneko, horren garrantzitsua den eztabaida horren abiapuntua bera ere salatzekoa da. Euskararen etorki- zunerako estrategikoa den eztabaida hau ez baita euskalgintzako eragile askoren begien aurretik pasa, ez eta herritarrenetik ere», esan zuten gazteek banatutako idazkian.

«Jakin badakigu ezkutuan eramandako proposamen honek ez diola erantzuten azken urte hauetan milaka herritarrek egindako eskaerari, ez eta Euskal Herriaren beharrei ere. Urte luze hauetan izandako ereduaren moldaketa bat besterik ez da izango, belaunaldi berriak euskaldunduko ez dituena, eta euskararen etorkizuna hiltzorian mantenduko duena», esan zuen. Gero adierazi zuen herri honek ez duela beste iruzur baten beharrik, eta aldaketa partzialak egiteak arazoa larritu eta luzatzea besterik ez duela ekarriko.

Ikasleek euskara jakiteko eskubidearen alde agertu ziren kateatutakoak. «Eskubide hau da lehentasunez errespetatu behar dena. Horretarako Euskal Herri osoan belaunaldi berriei euskararen jakintza bermatuko dien lege integral eta oso bat behar da», esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo