PPrekin ezarritako salbuespen neurriak deuseztatzeko eskatu dio Askatasunak PSOEri
«Terrorismoaren Aurkako Ituna"ren zigilua izan arren, 1998an PPk eta PSOEk abiatu zuten ilegalizazio politika egun Zapateroren Gobernuak indarrean mantentzen duela salatu du Askatasunak. Salbuespen neurri guztiak berehala indargabetzeko galdegin dio PSOEri.
Gari MUJIKA |
Askatasunak gogor salatu zuen atzo 1998an PPk eta PSOEk elkarlanean abiatutako ilegalizazio politikaren salbuespen neurriak egun, oraindik, indarrean daudela. Hori PSOEren ardura dela nabarmentzeaz gain, alderdi interesen arabera erabiltzea egotzi zion. Datuak eskuan hartuta, ilegalizazio politikaren ondorio errepresiboak asaldagarriak direla adierazi zuenk, eta salbuespen neurriak behin betiko deuseztatzeko exijitu zion PSOEri. «Demokrazia eraikitzeko garaia da eta demokraziak esparru guztietatik behar du izan eraikia: hitza eta erabakia ahalbidetzeko, ilegalizazio politika eteteko eta alderdien legea deuseztatzeko garaia da».
Orain dela bederatzi urtetik, «PPk eta PSOEk batera bultzatutako estrategia politikoaren tresna den ilegalizazio politika» indarrean jarri zutenetik, eraso errepresibo ugari izan da. Espresuki jarduera politikoagatik ehunka euskal herritar jazarri, atxilotu eta espetxeratu dituztela salatu zuten, Donostian eginiko agerraldian, Askatasuneko ordezkari Xabin Juaristik eta Oihana Agirrek, eta zenbait datu ezagutarazi zituzten.
«Antolakunde politikoen kontrako jazarpena azkeneko bederatzi urteotan: 8 antolakunde legez kanpo; nazio erakunde bat legez kanpo (Udalbiltza); 4 komunikabide itxita; 166 atxiloketa; Auzitegi Nazionalean 115 zitazio eta 15 aurkezpen; 12 bila- tze-atxilotze agindu; 3 estraditazio prozedura; 145 euskal herritar espetxeratuak; 75 lokal publikori judizialki kontuak har- tzea; 17 egoitza politiko itxita; 6.473.100 euro fidantzetan; 212 euskal herritar auzipetuak; eta orotara, 1.982 urteko espetxe zigorreko eskaera fiskala».
18/98aren aurkako protesta
Datu horietaz gain, manifestazioetan eta mobilizazioetan 37 euskal herritar atxilotu dituztela gogorarazi zuten, baita 151 ekitaldi politiko debekatu dituztela ere. 99 polizia karga izan dira eta 155 euskal herritar zauritu dira horietan.
Hori hala izanik, eta Euskal Herrian azken bi urteotan gatazka konpontzeko prozesu demokratiko bat hasteko ahaleginetan dabiltzanean, salbuespen neurri horiek behin betiko deuseztatzeko galdegin zion Askatasunak Rodriguez Zapateroren alderdiari. Hala, Euskal Herrian demokrazia eraikitzeko bidea hartzeko eskatu zion. Egoera horren salaketa garbiena larunbatean, hilaren 10ean, Bilbon izango den nazio manifestazioan ikusi ahal izango dela nabarmendu zuen Juaristik, eta euskal herritarrei 18/98 auziaren aurkako manifestaziora bertaratzeko deia egin zien.
Ilegalizazio politikaren eraginez, 1998az geroztik 212 euskal herritar auzipetu dituzte; 6.473.100 euro ordaindu dira findatzetan; 1.982 urteko espetxeko zigor eskaera dago orotara, eta 145 lagun espetxeratu dituzte
Bederatzi urteotan 4 hedabide itxiarazi ditu Auzitegi Nazionalak; 8 antolakunde politiko eta nazio erakunde bat legez kanpo utzi ditu; 75 lokal publikori judizialki kontuak hartu dizkiote; 17 egoitza politiko itxi eta 166 atxiloketa izan dira