GARA > Idatzia > Real Sociedad

Savio ere garaipen bat ospatzeko gogotsu agertu da

Itxaropenari eusteko «Mallorcari irabaztea funtsezkoa da" Diaz de Zerioren ustez

GARA | DONOSTIA

Lehen Mailan mantentzeko aukerak amaitzen ari dira Realarentzat. Jokalariek ere badakite. Zabaldu nahi duten diskurtsoa bukatzen ari da jardunaldiak aurrera joan ahala. Asteburu honetan Mallorca izango da Anoetan; Balearretakoak atzeko postuetan daude sartuta, eta itxaropena mantendu ahal izateko behar-beharrezkoa da partida irabaztea.

Iñigo Diaz de Zeriok atzo onartu zuenez, «beste porrot bat» ziur aski behin betiko pausoa izango litzateke Bigarren Mailara bidean. «Puntuak geratuko lirateke jokatzeke; matematikei begiratzen jarraituko genuke, baina Mallorcaren kontra irabaztea funtsezkoa da, gero etxetik kanpo jokatu behar baitugu», adierazi zuen aurrelari donostiarrak.

Igandean jokatzeko moduan izango da, eta bere iritziz, hiru puntuak lortzeko, Realak egoera eta sailkapena ahaztu behar ditu: «Irabaziko dugula buruan sartu behar dugu. Orainaldian jarri behar dugu arreta guztia, eta oraindik Bigarren Mailakoak ez garela pentsatu».

«Orain hasi behar dugu»

Saviok ez du partidarik irabazi Realera heldu zenetik, eta brasildarra gogotsu dago lehen garaipena ospatzeko: «Badakigu zer dagoen jokoan, eta zaila den arren, ateratzeko maila badaukagula uste dut, baina orain hasi behar dugu».

Erdilariak azaldu zuen: «Egoerak haserretzen nau, etxeko azken partidetan aurkaria baino hobeto ibili garelako, baloia gehiago mantendu eta aukera gehiago sortuta eta hiru puntuak gabe bukatu dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo