Donibane auzoak Berrueta omenduko du haren heriotzaren 3. urtemugan
Iruñeko Donibane auzoko bizilagunek Eguzki Bideoak ekoitzita egindako dokumentala larunbatean aurkeztuko dute Anaitasuna kiroldegian. Angel Berruetaren heriotzaren inguruko arrazoiak eta ondorioak agertzen dira bertan. Hari eta familiari omenaldia egin nahi izan diete, eta ikus-entzunezkoaren estreinaldian ekitaldi bat izanen da.
Jasone MITXELTORENA |
Iruñeko Donibane auzoko bizilagunek, Angel Berruetaren familiarekin eta haren abokatu izandakoarekin batean, «Atocha, El Pozo, Sta. Eugenia... 13-M Donibane» dokumentalaren aurkezpenera joatera gonbidatu zuten atzo egindako agerraldian. Larunbatean izanen da, 19.00- etan, Anaitasuna kiroldegian. Berruetaren heriotzaren hirugarren urtemugan, gertakari haien inguruko arrazoiak eta ondorioak agertu eta, aldi berean, omenaldi bat eskaini nahi izan diote horrela.
Atzoko agerraldian, ikus-entzunezkoaren aurrerapen bat eman zuten, eta hainbat ordezkari politikok martxoaren 11ko atentatuen inguruan egindako adierazpenak agertu ziren. Presidente espainol eta Barne ministro ohiekin batean, Juan Jose Ibarretxe, Josu Jon Imaz eta Patxi Zabaleta azaltzen dira Madrilgo Gobernuak emandako hipotesia ontzat eman zutela aitortuz. Berruetaren heriotzaren inguruko bertsioen artean, honakoak azaltzen dira: Javier Muñoz Nafarroako fiskal nagusiak gertatutakoa «bizilagunen arteko liskarra» bezalakoa deskribatu zuen, eta Jaime Ignacio Del Burgo UPNko diputatuak «egoera politikoak eragin» zuela onartu zuen.
Azore Uharteetako argazkia
Bizilagunek gogor salatu zuten PPren Gobernuak zabaldutako gezurrak Berruetaren eta Kontxi Sanchizen heriotza ekarri zuela. Azore Uharteetan eginiko hitzarmena eta, horren ondorioz, gertatu zen Irakeko gerrak eragindako biktima euskaldunak direla adierazi zuten. Aipaturiko hitzarmena interes ekonomikoak tarteko sinatu zela salatu zuten donibanetarrek, hori argudiatzeko Aznar presidente ohiak duela gutxi Iraken ez zegoela suntsitze handiko armarik adierazi duela oroitaraziz. «Atentatuetako biktimak ideologia ezkertiarraren aurka jotzeko» ba- liatu zirela gaineratu zuten.
Azken urteei begira, familiari gertatu zaiona gogorarazi zuten auzotarrek: Muñoz fiskal nagusiaren adierazpen «egitan lotsagarriak» alde batetik, bere aurkako eraso nahiz zitalkeriak bertzetik eta Pilar Rubioren absoluzioa azkenik, erabat gaitzetsi zituzten. Azken horren harira, «Angel Berrueta eta Kontxi Sanchizen heriotzen eragilea libre uztea Gobernuaren gezur eta manipulazioa absolbitzea» dela azpimarratu zuten. Auzoan Pilar Rubio «gaitzetsitako pertsona» dela eta Polizia espainola ere egunetik egunera gehiago «gorrotatzen» dutela jakinarazi zuten. Azken hiru urteetan gertakarien salaketa egin eta beren ahotsa entzutera eman dutelako Poliziaren errepresioa behin eta berriz izan dutela ohartarazi zuten, beilatokiko eta Berruetaren aldeko hiletetan izandako kargak oroitaraziz. Auzokideen mezua ixilarazteko ezarri zaizkien zigorren pilaketak berriz, 6.000 eurokoak omen dira.
Era berean, Simon Santamaria Udaltzaingoaren buruak behin eta berriz mehatxatu dituela salatu zuten: «Zein puntutaraino iritsi daitekeen ez dakigu». Hala ere, orain arte bezala, aurrerantzean familia laguntzeko asmoa erakutsi zuten eta omenaldia Berruetari eta Sanchizi eskaintzeaz gain, familiei ere zuzenduko zaie.
«Ez dakigu justiziarik dagoen»
Mari Carmen Mañasek, Angel Berruetaren alargunak, hiru urte hauetan izandakoa azaldu zuen: heriotz-mehatxuak, etxeko atarian pintadak eta kotxean kalteak... seme-alabengatik beldurrez egon dela adieraziz. Dena den, min gehien eragin diena «senarra Estatuak eragindako terrorismoaren biktima izan dela ez onartzea» izan omen da, eta gertatutakoaren bizilagunen arteko liskartzat jotzea. Azken hau argituz, garbi utzi zuen Berrueta ez zela poliziakidearen familiaren bizilaguna, eta okindegia ondoan bazuen ere, beti bakoitza bere aldetik ibili zela.
Jada ez dutela Justizian sinesten nabarmendu zuen, Pilar Rubio eta bertze hainbat gaizkile aske utziz, denentzat berdina ez dela argi ikusi dutelako. Abokatuei eskerrak eman zizkien beren lana denentzako justizia bilatuz aukeratu zutelako.
Abokatu horietako batek epaiketari buruzko balorazioa egin zuen eta emaitzak zapore garratza utzi zuela adierazi zuen; batetik Rubio aske utzi dutelako, eta, bertzetik, familiaren salaketak artxibatu direlako. Mari Carmen Mañasek eta inguruan izan dituenek «Justizian fedea izaten segitzeko indarra» eman diotela erran zuen hunkiturik.
Eguzki Bideoak ha sido el encargado de producir el documental «Atocha, El Pozo,
Sta. Eugenia... 13-M Donibane», y uno de sus miembros, tras aclarar que «somos un colectivo de contrainformación», explicó que ellos se han encargado de la parte técnica, ya que los vecinos de Donibane son los que lo han preparado y llevado a cabo. Manifestó que en en este trabajo han participado unas 60 personas incluyendo a los entrevistados, y resaltó que ha sido llevado a cabo «por un movimiento popular, con lo que ello supone: se ha realizado sin ánimo de lucro y siguiendo la tradición de trabajar en `auzolan'. Ha sido una suerte trabajar con los vecinos de Donibane». La cinta se distribuirá en canales alternativos y también estará disponible en internet. J.M.