Binakako Txapelketa
Pascual: «Partida apurtzera irtengo gara larunbatean"
Labriteko partida erabakigarriaren material hautaketan, Olaizolak ere erabiliko duten estrategia jakinarazi zuen: «Gu atzean menderatzen ahaleginduko gara"
GARA | IRUÑEA
Aspaldiko partez, partida erabakigarri baten atarian izaten ohi den tentsioa nabaritu zen atzo Labriten egindako material hautaketan. Olaizola I-Beloki eta Pascual-Gonzalez bikoteak Binakako Txapelketako finalerako bigarren txartela eskuratzeko asmoz kantxaratuko dira larunbatean, eta atzo, Iruñean bildutako 300 bat zaleren aurrean, lehia gogor horretarako pilotak aukeratu zituzten.
Iñigo Pascual ez zen inguru-minguru ibili, aukeratutako materialaz gain, estrategiaz ere hitz egin baitzuen. «Larunbatean partida apurtzera irtengo gara, abiadura eman eta Sebasek amai dezan. Haiek neurketa luzatu eta gogortu nahi izango dute», azaldu zuen. «Material indartsua da laurontzat. Olaizolak eta Belokik esperientzia handia dute; txapelketa asko jokatu dituzte eta gorantz joan dira», erantsi zuen Abartzuzakoak.
Bikotekide Sebastien Gonzalezek aukeratutako larru bueltako pilotak asko gustatzen zaizkiola esan zuen, indartsuak eta frontisetik asko irteten omen direlako. Txapelketako lehen faseko partidaz hitz egin zuen ondoren; larunbateko aurkari berberen aurka Beotibarren 22-11 irabazi zuten norgehiagokaz, alegia. «Tolosako partidak tentsioa falta izan zuen. Larunbat honetakoa erabat desberdina da. Oso zaila izango da, baina gu gogotsu eta ilusioz gatoz», adierazi zuen, eta herrialdekide Xalaren kontra jokatzea polita izango litzatekeela aitortu zuen. Izan ere, Gonzalezek irabaziz gero, Lapurdiko bi ordezkari izango lirateke finalean.
Beloki eta presioa
Asier Olaizolak ere garbi hitz egin zuen. «Guk ohiko pilotak hartu ditugu; hots, fuerteak eta Punparenak. Haiek jokoarekin dabiltza, baina gu atzean menderatzen ahaleginduko gara pilota erosoak topatzeko eta erasoan sartzeko. Pascualek pilota hartzen badu, min handia egingo du», adierazi zuen Goizuetako aurrelariak.
Ruben Belokik, berriz, Asegarceko enpresako ordezkari bakarrak izateagatik ez dutela presio berezirik jakinarazi zuen. «Presioa dago binakako finalean sartu ahal izateko partida delako», nabarmendu zuen.