«Gutariko bat" bezala aurkeztu du Pitermanek Luna
Argentinarrarekin Bigarren Mailara jaitsi izana «Realaren eskuzabaltasunari" egotzi zion ukrainarrak, eta entrenatzaileen lana berriro gutxietsi zuen
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
«Gutariko bat», konfiantza osoko gizon baten gisa aurkeztu zuen Dimitry Pitermanek atzo Mario Luna, Alaves berak nahi bezala gobernatzen jarraitu ahal izateko beharrezkoa duen entrenatzaile karneta jarriko duen teknikoa. Fabrirekin egindako «esperimentu merkeak» porrot egin ostean, Mario Luna hautatu du ukrainarrak, txintik esan gabe bere esanetara moldatuko dela badakielako, nahiz eta iaz argentinarrak kirol emaitza onik lortu ez -aurten bezala, 15 jardunaldi faltan heldu zen, eta lau garaipen, bost berdinketa eta bost porrot izan ziren-. Baina «Piterman» ereduak aurrera egingo badu, langile kualifikatua baino areago, langile lehiala eta ahotsik jasoko ez duena behar du ukrainarrak, eta hori bilatu du azken fitxatzearekin.
Horiek hala, bere konfiantza osoa duten teknikari eta langile taldeko kidetzat jo zuen Pitermanek Mario Luna aurkezpenean -Pepe Nereo presidenteordea, Ainara Knorr ekonomia arduraduna eta Chuchi Cos, Alberto Garmendia, Tasio eta Edu Carrera teknikariekin batera-. Bera Alavesen egon bitartean, toki bat ziurtatuta izango duela adierazi zuen entrenatzailearen aurkezpenean.
Lagun gisa aurkeztu zuen ukrainarrak bere «langile» berria, eta froga gisa, kontratua oraindik sinatu ez izana nabarmendu zuten biek.
Entrenatzaile aldaketarik gehien egin duen presidentea izanagatik, aldaketa hauek ezer gutxirako balio dutela adierazi zuen Pitermanek, arrakastarik izan ez zuen entrenatzaile bat berriro ere ekarri izana nolabait justifikatzeko. «Ia inoiz ez dute eragin onik izaten, eta Nasticen, Athleticen, Realean edo aldaketak izan diren taldeetan argi ikusten da hori», azaldu zuen.
Era berean, iaz egindako gestioa zuritzeko, jaitsieraren errua hirugarren bati botatzen amaitu zuen. «Azken partidako azken minutura arte, Lehen Mailan ginen. Are gehiago esango dizuet: nire ustez, egindako esfortzua oso positiboa izan zen eta Realaren eskuzabaltasunagatik izan ez balitz, agian Lehen Mailan izango ginen. Eskuzabala nik uste dut termino egokia dela; izan ere, taldeek batzuetan eskuzabaltsaunez golak jasotzen baitituzte».
Etorkizunean izango duen protagonismoa onartuko balu bezala, bere aurkezpenean ere bigarren mailako papera bete zuen Lunak, eta iazko ibilbidearen ondoren, motibazio handiarekin datorrela aitortu zuen.
«Nik uste dut, entrenatzaile askok nahiko luketeela igotzeko lehian dagoen talde bat hartzea, niri orain tokatu zaidan bezala. Gainera, taldea ondo ezagutzen dudanez, badakit zer daukadan esku artean eta itxaropen handia daukat helburua lortuko dugula», esan zuen Lunak, Almerian berriz debutatuko duenak.
Lunak eta berak zuzendutako taldea Bigarren Mailara jaitsi izana zuritzeko, errua hirugarren bati bota zion Pitermanek. «Realaren eskuzabaltasunagatik izan ez balitz, agian Lehen Mailan izango ginen», adierazi zuen ukrainarrak.
Taldeak emandako mediku txostenaren arabera, Pablo Casar atzelariak zuntz haustura txiki bat egin zuen eskuin sorbaldan iragan asteleheneko entrenamenduan, eta ez du igandean Almeriaren zelaian jokatzerik izango.