GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritar talde batek Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko deia egin du

Herritar eta alderdi guztiei jarri diete hitzordua: Aberri Egunean, Ficobaren ateetan, Hendaiara bidean jartzeko. Herri ekimenak sortutako iniazitibaren xedea azken urteetako joerari aurre egin eta Aberri Eguna nork bere aldetik ez ospatzea da.

GARA |

Koldo Amezketak, Andoni Egañak, Maite Goienetxek, Laura Mintegik... Haiek eta beste hamaika lagunek osatzen dute Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko deia egin duen herritar taldea.

Euren ustez, urte asko igaro dira Aberri Eguna nork bere aldetik ospatzen, eta taldeka egiteak egunari berezko zentzua murriztu diola irizten diote. Era berean, herritar askok, abertzale izanik ere, eguna murritz ospatzen delako edo ospatzen hastea merezi ez duelako ustea dutela azaldu zuen herritar taldearen ordezkaritza batek atzo, Donostiako Miramar Jauregian egin zuten agerraldian.

Herri ekimenak sortu eta hainbat herritarrek bultzatu duten iniziatibaren helburua, beraz, azkeneko urteetako joera iraultzea eta, ospakizuna izaki, Aberri Eguna batera ospatzea da. Izan ere, honakoa gogorarazi zuten: «Aberri egunak, zerbait izan behar badu, herriaren harrotasun eguna behar du izan».

Egun hori ospagai kutun izan dadin, euren ustez, urratsik sendoena litzateke harrotzeko moduko herri bat irudikatzen hastea. Guztien ordezkari hitza hartu zuten Andoni Egañak, Ixabel Etxeberriak eta Esti Martinez de Iturratek, eta euren iritziz, irudikatu beharreko hainbat ezaugarri aipatu zituzten. «Herria bat lurraldeari eta lurrari atxikia, gainerako herriekin adiskidetasun eta elkartasun harremanak lantzeko prest dagoena. Unean uneko egitura politikoak direnak direla, zazpi herrialdez osaturiko komunitate baten izaera eta nahia funtsezko sentituko duena», adierazi zuten, beste hainbat ezaugarrirekin batera. «Oraina eta etorkizuna herritarren esku eta herritarren erabakien baitan izan dituen herria, azken batean», laburbildu zuten bozeramaileek.

Herri ekimen hori bultzatu duen herritar taldean dira honakoak: Koldo Amezketa, Amaia Andrieu, Martin Aranburu, Maite Ariste, Jose Mari Arrate, Garbiñe Bueno, Amaia Colina, Andoni Egaña, Eñaut Elorrieta, Tasio Erkizia, Ixabel Etxeberria, Maite Goienetxe, Izaskun Guarrotxena, Juan Mari Irigoien, Antton Izagirre, Paula Kasares, Edurne Larrañaga, Esti Martinez de Iturrate, Aintzina Mazusta, Laura Mintegi, Paul Nicholson, Iñaki Perurena, Maribi Ugarteburu eta Kirmen Uribe. Guztiek Euskal Herriko alderdi guztiei dei egin zieten eurek abiatutako ekimena babestu, bultzatu edota indartu dezaten.

Ficobarako deia

Halaber, «Euskal Herriko jendarte zabalean nahi hori erabat hedatua dagoen konbentzimendua» dutelako egin zuten deialdia. Aberri Egunean, Irungo Ficobatik abiatuta, Hendaira «Zazpiak bat. Nazioa gara. Etorkizuna gure esku» leloarekin martxa egingo dute, eta euskal herritar guztiei bertan parte hartzera deitu zieten.

hitzordua

Goizeko hamaika eta erdietan abiatuko da Irungo Ficobako ateetatik herritar talde bat, eta «Zazpiak bat. Nazioa Gara, Etorkizuna gure esku» leloa izango du martxak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo