GARA > Idatzia > Kultura

«Denetariko doinuak jo arren, jendeak gurera herri musika entzutera dator"

Eleuterio Jauregi Beloki

Imuntzo eta Beloki trikitixa taldeko pandero jolea

«Gauaren Helduen» du izenburu Imuntzo eta Beloki trikitilarien seigarren lanak. Disko berria martxoaren 15ean kaleratuko da Elkar zigilupean. Bikoteak bertan bildu dituen 14 kantetatik aurrerapena entzun ahal izango da hilaren 18an Azpeitiako trikitilarien jaian.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | DONOSTIA

Kalejirak, polkak edota jauziak diren herri kantez gain, Imuntzo eta Belokiren disko berriak kunbia erritmoa eta «aldaka mugitzeko» doinuak ere biltzen ditu. Trikitilari-bikoteak 16 urte daramatza erromeriak eta plazak euren herri musikaz alaitzen. «Gauaren Helduen» hamalau kantaz bildutako diskoa euren seigarren lana da, martxoaren 15etik aurrera salgai jarriko dena, alegia. Hilaren 18an Azpeitian, hilaren 24an aurkezpen kontzertuan Ugaon eta apirilaren 22an Azkainen arituko dira musikariak.

Hamasei urte elkarrekin eta oraindik musikan zer eskaini baduzue. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?

Hain egoera naturalean bilakatu nintzen ni trikitilari zeren...ez dakit...nik musika denda batean egiten nuen lan eta Imuntzo sarritan etortzen zen. Nik panderoa jotzen nuen eta berak trikia. Kantatzeko eta ensaiatzeko geratzen hasi ginen, erdi jolasen edo, eta konturatu orduko plazan ari ginen jotzen. Hasieran, Euskadi Gazteak antolatu zuen trikitixa pieza berrien lehiaketan parte hartu genuen eta ostera, lehen diskoa etorri zen. Honetan, Egunkariari kanta egin genion baita Himalayan hildako Ander Ibargureni eskainiko abestia ere. Horrela hasi ginen eta gero ikusiko genuen biontzat lan asko zela. Horregatik bateria eta bajoa sartzea adostu genuen eta talde bilakatu ginen.

Bikote asko dira gogor jotzen hasi zirenak baina ostean desagertu zirenak; hala nola, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar... Hamarkada luze honetan trikitixarako garaiak aldatu direnik esango al zenuke?

Gure ibilbidea oso modu naturalean izan da eta horregatik trikitixa goian edo behean izan den ez dut sekula pentsatu. Guk konstantzia mantendu izan dugu beti. Bestetik, lasai bizi izan dugu beti musika. Hau da, gure bizibidea ez da musika jotzea eta, hortaz, ez gara erre hemen eta bestean aritzeaz. Seguru nago desagertutako taldeak asko jo izanagatik erre direlako izan dela. Guk dei guztiak ere ez ditugu hartzen. Zama ere bilakatu baitaiteke. Gu ez gara sekula punta puntan egon eta patxadaz egiten ditugu gauzak. Horrela gustatzen zaigulako.

Hala ere, musika tendentziak eta erritmoak biziki aldatu, birsortu eta nahastu dira azken urteetan. Zuen herri musikan ere eraginik izan al du honek ?

Gure ibilbide musikalean denetarik jo izan dugu. Folkloreaz gain, country eta mestizajea edota zuzenekoetan rocka ere egin izan dugu. Dena den, konturatzen zara plazara gurera datorren jendeak herri musika entzun nahi duela, kalejirak, jauziak, polkak... eta barrera hori apurtzea oso zaila da eta horretan gabiltza herri musika egiten.

Zer biltzen du «Gauren helduen» lanak? Aurreko diskoekin alderik ba al du?

Aurretik argitaratu genuen Urola bailarako kanten bildumarekin alde nabaria dago, bai. Hamalau kanta bildu ditugu disko berrian, zeinetan lau trikitixa lan, kalejira pare bat eta hiru kunbia doinuak dauden, besteren artean. Azken hauek aldaka mugitzekoak. Zenbait kantatan, gainera, errekuperazio lana egin izan dugu, hala nola, «Ikusi Mendizaleak» abestian, non abesbatzaren laguntzaz grabatu dugun, edota Andolin Eguzkizak behin eman zizkigun kopla batzuk gehitu dizkiogun Aita San Antonio kalejirari. Beste kanta batek, gainera, Amets Arzallusen hotsak ditu. Beraz, alderik badago, bai, azken diskoarekin konparatzen badugu.

¡

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo