GARA > Idatzia > Kultura

Jorge Senprun Blas de Oteroren Parisko egonaldiaz ariko da Bilbon

GARA | BILBO

Blas de Oteroren Eguna ospatuko dute etzi, martxoak 15, Bilbon olerkariaren omenez prestatu diren hainbat ekitaldirekin. Jorge Semprun idazlea izango da, besteak beste, jardunaldi horretan, ``París 1952: hacia la libertad'' izenburua duen hitzaldiarekin.

Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak, eta Blas de Otero Fundazioak antolatu dute egitaraua. Parisko bizipenek bere lanean utzi zituzten aztarnetan oinarrituko dira egilearen omenezko aurtengo ekitaldiak.

Berrogeita hamabost urte dira bilbotarrak Estatu espainola atzean utzi eta Parisera alde egin zuela. Estatu frantseseko hiriburuan zegoelarik, Jorge Semprun ezagutu zuen. Madrilgo sortzaileak harreman horren berri ematen du ``Autobiografia de Federico Sanchez'' izeneko lanean.

Salaketa poesia

Parisko giro komunistarekin bat egin zuen Oterok garai hartan eta ``Pido la paz y la palabra'' izenburuaren oinarrian dagoen gizartea salatzeko poesia lantzen hasi zen.

Blas de Oteroren Egunaren kariaz antolaturiko ekimenak 19.30etan abiatuko dira Bidebarrietako Liburutegian. Jon Sanchez Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak, eta Blas de Otero Fundazioko lehendakari Sabina de la Cruzek emango diote hasiera ekitaldiari. Jarraian Jorge Semprun idazleak ``París 1952: hacia la libertad'' mintzaldia eskainiko du eta Izaskun Azurmendiren poesia irakurketarekin bukatuko da ospakizuna.

Blas de Otero Eguna 2000. urtean ospatu zen lehenengo aldiz, eta orduan, idazlearen lanen intertestualitateaz aritu ziren. Ondoren, indartzen joan dira haren omenezko jarduerak eta 2002an zabalagoa izan zen proiektua, Blas de Otero Nazioarteko Biltzarrarekin.

Bilboko Udalak hirian sorturiko idazle ezagunenak (Miguel de Unamuno, Gabriel Aresti eta Blas de Otero) gogora ekartzeko ekimenen baitan kokatzen dira etzikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo