GARA > Idatzia > Kultura

"Atearen atzean" eta "Hil ala bizi" dira euskal gazte literaturari egindako azken bi ekarpenak

Elkarren eskutik plazaratu berri dira liburuak, biak ala biak gazteei zuzenduak. Antton Kazabonen «Atearen atzean" ezinezko maitasunaren ingurukoa da eta Itziar Otegik itzulitako «Hil ala bizi"k izu kutsua du.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Antton Kazabon (Oiartzun, 1954) lanbidez irakaslea da, bertsolaritzaren inguruan ere jarduna eta haur nahiz gazteentzako liburu askoren egilea. Oraingo honetan ere, azken esparru horri eutsi eta «Atearen atzean» liburua kaleratu du.

Joxerra Gartziak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, haurrentzako produkzioan, narrazioetan, bi genero bereiz litezke: Ipuin klasikoen bidez egiten dena eta literarioagoak direnena. Lehenbizikoetan narrazioa da garrantzitsuena, eta pertsonaiek horretan laguntzen dute. Bigarrenean, aldiz, kontrakoa jazotzen da, pertsonaiak dira protagonista nagusiak. Gartziaren esanetan, «Anttonek gehiago ditu klasikoen bidetik eginak, baina hau ez da estilo horretakoa».

Liburu honetan, idazleak Iraitz izeneko mutiko bat bihurtu du protagonista. Oro har, Gartziaren aburuz, «gaiak hautatzeko ausardia handia azaltzen du Anttonek». Eta, maitasun ezinezkoaren gaia dakar honakoak, «baina agian nerabeena da hemen gai bakarra», Gartziaren aburuz.

Pertsonaiak eraikitzeko euskal literaturan gutxi agertzen diren mekanismoak baliatu ditu idazleak, telefono bidezko hizketaldiak kasu. Hizkuntzari dagokionez, bestalde, Gartziak nabarmendu zuen idazlea, bere produkzioan, «euskararen maisu» agertzen dela. «Liburua zinez gustagarria da, nerabeentzat bereziki egina, eta ezinezko maitasuna protagonista duena. Pertsonaiarentzat, baina, ezinezkoa den hori ezinbesteko maitasuna da. Nerabeek ez ezik, gainera, nerabe ez garenok ere jolasten gara gustatzen ez zaigun mundu baten aurrean beste bat sortzera... Ekarpen polita da, eta oso ondo idatzia dago», erantsi zuen.

Antton Kazabon idazleak berak, aldiz, azaldu zuen idaztea gogoko duela eta «abentura honetan ere hilabete batez edo gustora» aritu dela. Beretzat, «nerabeak hor segitzen du, barruan, eta hori ateratzea gustatzen zait abentura bera nerabeen artean bizitzeko».

Idazteko metodologiari buruz, osterantzean, oiartzuarrak aitortu zuen egun «ideia bat hartu eta haritik tiraka» hasten dela idazten, bukaeran zer izango den jakin gabe. «Horretan ere erantsitako abentura edo morboa sortzen dut», esan zuen.

Arriskuak bizitzan eta fikzioan

«Hil ala bizi» izenburuko liburua, bestalde, Itziar Otegik euskaratu du, baina berez, R.L. Stine (Ohio, AEB, 1943) du autore jatorrizko bertsioak. Idazle horrek obra oparoa osatua du, gazteentzako beldurrezko istorioak gehienbat, eta genero hortako idazlerik salduenetako bat da.

Itzultzaileak azaldu zuen, batik bat, 12 eta 15 urte bitartekoei zuzendua dagoela, berriz ere, suspentse edo izuaren esparruan kokatua dagoen liburu hori. Joanna izeneko 16 urteko neska bat du protagonista eta nahiko egoera zailean ei dago. Familiako giro konplikatua, adiskide bakar bat baino ez du... Itziar Otegik esan zuenez, horrek guztiak sortu testuingurutik abiatuta jaio da autore estatubatuarraren istorioa.

Oso estilo arinean idatzia dago, elkarrizketa ugari eta sinesgarriz hornitua, eta gazteen hizkerak ematen duen «freskotasuna» du lagungarri. «Beldurrezko istorioa erabiliz, egungo bizimoduen arriskuez ari zaie nerabeei», laburbildu zuen.

Fitxa

Izenburuak: «Atearen atzean» eta «Hil ala bizi».

Autoreak: Antton Kazabon, lehenengoarena, eta R.L. Stine bestearena. Azken horren euskarazko itzulpena Itziar Otegik egin du.

Argitaletxea: Elkar, kasu bietan.

Salneurria: 7,30 euro lehenak, eta 13,60 euro bigarrenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo