GARA > Idatzia > Kirolak

Ezustea eman eta ia finalerdietan dira Idiart eta Dermit

Ibarrola eta Kurutxari ziren irabazteko faboritoak, eta lehen zatian nagusi izan ziren, baina gero garaileak agintzen hasi, eta partida eraman zuten

IBARROLA-KURUTXARI 27

IDIART-J.C.DERMIT 40

Jon LEUNDA | ZURAIDE

Bigarren faseko ligaxka atzo abiatu zen Zuraiden, ezusteko bat izanda. Izan ere, Ibarrola eta Kurutxari ziren irabazteko faboritoak, ez zaleentzat bakarrik, baita apustularientzat ere, dirua nahiko nabarmen atera baitzen haien alde, baina emaitza bestelakoa izan zen.

Norgehiagoka horrek bi zati oso ezberdin izan zituen. Hastapenean, Ibarrola eta Kurutxari oso ongi hasi ziren, eta tarte ona atera zuten, berehala aitzineratu baitziren; hamar kintzeko aldea lortu zuten. 13-3koaren ostean esnatu ziren Idiart eta Dermit, eta apurka-apurka jokoan sartzen hasi ziren. Markagailuan hurbiltzen hasi zitzaizkien.

Jean Claude Dermit gibelean agintzen hasi zen, eta aurrean Idiartek, indarra erakutsita, Ibarrola menderatzen zuen. 25-25 adostuta egon ostean, norgehiagoka erabat apurtu zen eta amaieran irabazi zuen bikoak 1-13ko partziala lortu zuten. Markagailuan 26-38 aitzineratu ziren. Hor partida erabakita geratu zen, eta amaieran Idiartek eta Dermitek lortu zuten garaipena.

Atzoko norgehiagoka irabazita, finalerdietan izateko urrats handi bat egin zuten, bi partida izango baititu ligaxka honek. Ibarrolak eta Kurutxarik, aldiz, nahi eta nahi ez irabazi behar dute Sorhueten eta Ozafrainen aurka, bestela kanpoan geratuko baitira.

Waltariren estreinaldia

Bigarren faseako lehen jardunaldia, A multzoan, bihar izango da Baigorriko trinketean, 17.00etan. Bertan, Waltari kubatarrak eta Etxetok Etxeberriren eta Istillarteren aurka jokatuko dute.

Norgehiagoka horrek sekulako ikusmina piztu du, bertan izango baita Waltari kubatarra. Amerikarraren lehen partida izango da txapelketa honetan, eta Superprestigioan baino maila hobea ematen ez badu, ez du lan samurra izango.

Atzean beste pilotari handi bat izango du, Etxeto gaur egungo atzelaririk handienetakoa baita, baina biek arazo bera dute. Gibeletik jartzen baldin badira, burua oso erraz galtzen dute, eta Etxeberrik eta Istillartek hori aprobetxa dezakete.

Biko hori da orain arte partidarik gehien jokatu duen bikoa; izan ere, lehen fasean bi norgehiagoka gainditu behar izan zituen ligaxkan sartzeko. Bietan besteak ziren faboritoak, baina hauek egin dute aurrera. Bihar ere faborito ez dira aterako, baina ezustea emateko prest agertuko dira, galtzeko ez baitute ezertxo ere. Waltari-Etxetorentzat, aldiz, lehen partida da, eta hori arriskutsua izaten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo