GARA > Idatzia > Kultura

Puntako trikitilariekin abiatuko da bihar, Azpeitian, Sanjosetako Trikiti Jaialdiaren aro berria

EITBek hamabost urtez antolatu ostean, aurten lehen aldiz Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hartu du Azpeitiko Sanjosetako Trikiti Jaialdiaren lema. Aro berria biharko emanaldiarekin abiatuko da.

GARA | AZPEITIA

Urtero legez, San Jose egunarekin batera dator Azpeitira Trikiti Jaialdia. Aurten ere Euskal Herriko punta-puntako trikitilariak izango dira zaleen egarria asetzeko asmoz. Bihar, 18:30etik aurrera hasiko da ikuskizuna, Izarraitz pilotalekuan.

Iker Goenaga eta Beñat Barandiaran, Aitor eta Iñigo Epelde, Imuntzo eta Beloki, Laja eta Manu Iztueta, Lurdes eta Aitor Alkorta, Saioa Lizarralde eta Garikoitz Mendizabal, Jauregi, Ansorregi eta Larrañaga, Epelde, Montte eta Iturbide trikitilariek parte hartuko dute biharko jaialdian.

Aurten, gainera, trikitiaz gain, soinu txikia eta beste musika tresna batzuk ere indartu nahi dituzte jaialdiaren antolatzaileek, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak. Hori dela eta, oholtzara igoko diren bikote, hirukote eta laukote bakoitzaren emanaldietan tresna horiek ere izango dira.

Iker Goenaga eta Beñat Barandiaran bikotearen kasuan, adibidez, Goenagak soinu txikia eta Barandiaranek gitarra joko dituzte. Aitor eta Iñigo Epeldek, batetik, eta Imuntzo eta Belokik, bestetik, soinu txikia eta panderoa astinduko dituzte. Imuntzok eta Belokik, gainera, «Gauaren helduan», aste honetan kaleratu berri duten diskoko kantak lehen aldiz joko dituzten publikoaren aurrean.

Laja eta Manu Iztuetari dagokionez, soinu txikia eta handia jarriko dituzte lanean. Ondorengo laukoteak, berriz, Lurdes eta Aitor Akortak, Saioa Lizarraldek eta Garikoitz Mendizabalek soinu txikiari, panderoari, albokari eta txistuari leku egingo diote .

Segidan, Jauregi eta Ansorregi soinu txikiarekin ari diren bitartean, Larrañagak panderoa dantzatuko du, eta, azkenik, Epeldek soinu txikia, Monttek dultzaina eta Iturbidek pandero doinuak ekarriko dituzte oholtza gainera.

EITBk utzitako lekua

Orain arte, hamabost urtez, EITBk antolatu izan du Sanjosetako Trikiti Jaialdia. Joxe Mari Iriondo hedabide horretako kazetaria jaialdiaren sustatzaile nagusia izan da eta iaz, erretiroa hartu zuela-eta, omenaldia egin zioten Azpeitian.

Aurten, aitzitik, aro berria abiatuko da, EITBren lekukoa Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak hartu duelako. Lehen aldi honetan ez da omenaldirik izango, elkarteko iturriek jakinarazi zutenez.

TRESNA UGARI

Trikitiaz gain, beste musika tresna batzuk ere joko dituzte trikitilariek biharko saioan, hala nola, soinu txikia eta handia, panderoa, alboka, gitarra eta txistua.

Fitxa

Lekua: Azpeitiko Izarraitz pilotalekua.

Data: Hilaren 18an, 18:30etik aurrera.

Sarrerak: 12 euro.

Antolatzaileak: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea eta Azpeitiko Udala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo