GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lopezek eta Urkulluk ezker abertzalea hizpide izan dute beren alderdien ekitaldietan

Hauteskunde kutsuko ekitaldiak egin zituzten atzo PSEk eta EAJk, eta biek ezker abertzalea eta haren azken proposamena izan zuten hizpide. Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez proposamen horri balioa kentzen saiatu ziren. Joseba Egibarrek, Markel Olanoren hautagaitza aurkeztu zuen.

GARA | BILBO

Maiatzeko udal hauteskundeak geroz eta gertuago daude, eta alderdi politikoak hitzordu horri begira, ekitaldiak egiten ari dira azken egunotan, batez ere beren hautagaiak aurkezteko. Testuinguru horretan, PSEk eta EAJk ekitaldi bana egin zuten atzo Bizkaian. Barakaldoko BECen jeltzaleek, eta Bilbon Patxi Lopezek zuzentzen duen alderdiak.

Donostian, aldiz, Joseba Egibar GBBko lehendakariak herrialde horretako Aldundirako zerrendaburu Markel Olano aurkeztu zuen, hain zuzen ere, Jon Jauregi aurreko hautagaiaren lekua hartu duena.

Beren alderdikideen aurrean egindako hizketaldietan, PSEko idazkari nagusiak eta EAJko eledun Iñigo Urkulluk, ezker abertzalea izan zuten mintzagai neurri handi batean, eta haren kontrako berbak erabili zituzten behin baino gehiagotan, batez ere, Anaitasunan aurkeztutako proposamena aipatuz.

Ildo horretan, Lopezek adierazi zuen ez dagoela «kontuan hartzea merezi duen proposamenik, ez baditu jarraitzen irizpide politiko demokratikoak, eta ez bada oinarritzen borkizkeriaren ukapenean». Horiek hala, PSEko buruzagiak ezker abertzaleari eskatu zion «ez diezagula ezer exijitu», eta argudiatu zuen «gainontzekoek gure eginbeharrak bete» dituztela

«Ez du ekarpenik egiten»

Urkulluk ere duela bi aste ezker abertzaleak Iruñean aurkeztutako proposamenaren gainean hitz egin zuen, eta adierazi zuen egitasmo horrek berari ez diola «ezer ere ez esaten». «Ez dut uste inolako ekarpenik egiten duenik burujabetza nazionala lortzeko borrokan, proposamen hori gainditua baitago», argudiatu zuen Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakariak.

«Hainbeste garrantzi eman nahi dioten proposamen hori gainditua dago», berretsi zuen Urkulluk, eta adierazi zuen bere alderdiak «Nafarroaren aldeko apostua» egin zuela orain dela hogeita hamar urte. Horrenbestez, Batasunari, PSOEri eta PPri leporatu zien Nafarroa «ika-mika politikoan» erabiltzea.

Ezkerraldeako eta Mehatzaldeako EAJko hautagaien aurkezpen-ekitaldian hartu zuen hitza eledun jeltzaleak, eta, berriz ere, Batasunari buruz hitz eginez, «pelota beren teilatuaren gainean» dagoela esan zuen. Gaineratu zuen talde abertzaleak «beldurra» duela konponbidea bilatzeko, eta saiatzen ari dela «bera atxikitzen duten loturekin gu ere lotzen». «Arazoa ez da Batasunak izan ditzakeen aldarrikapen politikoak, baizik eta inork ez duela onartuko alderdiok hitzartu ditzakegun akordioak, ETAren gustuen arabera baldintzatuta egotea», aipatu zuen Urkulluk.

Betiere gai bera hizpide zuelarik, EAJko buruak esan zuen bere alderdiari «oso zaila» egiten zaiola «berriz ere Batasunarekin hitz egiten hastea akordio erabakior bat lortzeko, agerian geratu baita ez direla beraiek, tamalez, azkenean erabakitzen dutenak».

Gipuzkoan, Joseba Egibarrek Juan Jose Ibarretxe lehendakariak bere garaian aurkeztutako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Estatutua eraberritzeko planari heldu zion, eta adierazi zuen aipatutako proposamena «indarrean» dagoela, oraindik ere.

Bere iritziz, Lakuako Gobernuak duela lau urte plazaratutako egitasmoak «gatazka politikoa gainditzeko oinarriak» biltzen ditu barnean, eta berak markatu behar ditu bide horretan irizpide nagusiak.

«Eskuin mutur erradikala»

PSEk Bilboko udaletxerako eta Bizkaiko Batzar Nagusirako hautagaiak aurkeztu zituen herrialdeko hiriburuan. Batasuna ez ezik, PP ere izan zen Lopezen hitzen helburu, talde horri egotzi baitzion «eskuin mutur erradikalena» indartzea eta, «ondorio larriak izan ditzakeen bereizketa soziala» eragitea.

«Gutxi axola zaie beraiei bakea, askatasuna, bizitza eta terrorismoaren kontrako borroka» aipatu zuen Lopezek, gaineratuz PPren azken helburua Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren kontra egitea baino ez dela.

Dena den, iragarri zuen «etenik gabeko atralaka-estrategia» erabiliz, alderdi horrek ez duela boz askorik jasoko, eta lortuko duen ondorio bakarra izango dela «ETAren aurrean demokraton eta Zuzenbide Estatuaren izen ona urratzea».

Ekitaldi berean, PSEko Bizkaiko idazkari nagusi, eta herrialde horretako Aldundirako zerrendaburu Jose Antonio Pastorrek adierazi zuen maiatzeko hauteskundeak «nazionalismoaren nagusitasunaren bukaeraren hasiera» izango direla.

«Ajuria-Enearako bidean»

Pastorrek aipatu zuen 2007. urtea abertzaletasuna «pisu politikoa galtzen hasi zen urtea» bezala gogoratua izango dela etorkizunean, eta ziurtatu zuen bere alderdia «hiritarren babesa irabazten» hasiko dela maiatzetik aurrera, Patxi Lopez «Ajuria-Enearako bidean» kokatzen joateko. PSEko Bizkaiko arduradunak, Egibarrek bezala, «Ibarretxe Plana»ren gainean hitz egin zuen, eta hirukoa osatzen duten alderdiei aurpegiratu zien lau urte hauetan egitasmo politiko «zendua» bultzatu baino ez dutela egin.

Bere iritzirako, abertzaleak «zaharkituak» daude, «beren obsesioei bueltak emanez», eta, horregatik, «beren aukera galdu dute». «Herri honen arazoa izan dena, ezin daiteke orain soluzioa izan», gaineratu zuen Pastorrek alderdikideen aurrean.

Txema Oleaga izango da PSEren hautagaia Bilboko alkatetzarako, eta, hain zuen, Oleaga bera izan zen atzoko ekitaldian zerrenda horretako gainontzeko alderdikideen aurkezpena egin zuena. Alde horretatik, hautagai bakarrak ez du errepikatuko zerrenda horretan, Marivi Riolek, hain zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo