GARA > Idatzia > Mendia

«Euskaltzaindia gizarteratzen lagundu nahiko nuke"

BERNARDO ATXAGA EUSKALTZAIN OSO IZENDATU BERRIA

Asteasun (Gipuzkoa) joan den asteburuan izan zen euskaltzain osoaren izendapen ekitalditik eta egun gutxira, Bernardo Atxaga idazleak lanean geldiunea egin zuen eta atzo egun osoko tartea eskaini zien bere kargu berriaren inguruko zehaztapenak jakin nahi zituzten komunikabideei.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Gauza ezberdinak kontatzen eta ez errepikatzen ahalegindu zen atzo Bernardo Atxaga komunikabideei eskainitako egun osoko elkarrizketetan. Goizeko zortzietan irratian mintzatzen hasi bazen ere hiruretatik iratzarrita zegoela jakinarazi zuen Asteasuko idazleak, «alaba eztulka hasi da eta». Lan piloa izanik eta nekatuta egon arren, lasaitasunez eta gustu handiz hartu gintuen atzo euskal idazleak Euskaltzaindiak Gasteizen duen egoitzan.

Euskaltzaindiak, kanpotik ikusita behintzat, instituzio iluna, serioa eta urruna ematen du. Horrela al da barruan zaudela ere?

Inpresio hori zuzena da, bai. Jende gehienak ikusten du oso erakunde urruna eta gordea bezala eta hori ez da ona. Erakunde serio bezala ikustea berriz oso ona da. Uste dut benetan tribializazioaren garaietan esparru serioak oasi batzuk direla eta zaindu egin behar direla.

Hortaz, zein izango da aurrerantzean Euskaltzaindian beteko duzun lana?

Euskaltzaindiari gizarteratze lanetan laguntzea izango litzateke hemendik aurrera nire lana. Edo behintzat hori izatea nahiko nuke. Gure lanak, literaturak, alegia, baita hizlari bezala aritzeak, Euskal Herriko kalean lan egitera eraman nau. Nire lana hortaz, erakundea gizarteari edo behintzat gizartearen zenbait sektoreei gerturatzea litzateke.

Larunbateko izendapen ekintzan harrera beroa jaso zenuen zure sorterrian baita zure herriaren eskutik ere. Nola bizi izan zenuen?

Gogoratzen dit behin Napoleoni galdetu ziotenean egia al zen soldaduek bataila bezperan lo egiten zutela. Nola izan zitekeen hori jakinda akaso hurrengo egunean hilda egongo zirela?. `Horixe egia zela', erantzun zuen. `Oso oso nekatuta daudelako', esan zuen. Nire kasuan Asteasun, guztiaz gain, nire barruko sentimenduak izen bakarra zuen eta kezka zen. Hitzaldi bat eman behar nuen. Banekien gainera frontoi batean izango zela. Horretan profesionala naiz eta badakit ez dela gauza bera Victoria Eugenian egitea ala frontoi batean 15 graduko tenperaturarekin, jende oso ezberdinarekin, Bartzelonakoak, herrikoak, Bilbokoak, batzuk idazleak beste batzuk baserritarrak... Nire kezka hori zen. Baina benetan herriak egin zuena, hau da, aukeratutako dantzariak, «Soinujolearen semea» pasarteko eginiko irakurketa... izugarri maila handikoa izan zen. Esaten da Jainkoa xehetasunean dagoela eta hor zaindu zuen guztiz, oso ederra izan zen. Nire txikitako eta eskolako lagunak atera zirenean ere oso ederra izan zen niretzat. Hala ere, ordura arte nire ardura bakarra kezka zen, nola esan hau, nondik jo...

Zure hitzaldian atzoko eta gaurko herritarrak aipatu zenituen. Nolakoak izango dira etorkizunekoak eta datozen urtetako euskara?

Jakina denez normalean jendeak bere gurasoekin baino bere garaiekin dauka antza gehiago. Begira dezagun Estatu Batuetara. Ikus dezagun zer dagoen modan han gazte jendearen artean eta egina dugu erretratu errobotaren puxketa bat. Halaxe dira gauzak, disimulatu edo ez disi mulatu. Musikaren bitartez mundu anglosaxoiak munduarekiko izan duen menperatzea izugarria izan da. Gramofonoa asmatu zenean esaten zen txakur batek zaunka egiten zuela Parisen eta New Yorken entzuten zela. Kasu honetan txakurrak New Yorken egiten du zaunka eta hemen entzuten dugu. Honekin esan nahi dudana da eragina oso entzuna dela. Hemengo balioak daude baita bertakoak ere. Gauza guztien arteko nahasketa izango da eta ikusiko da zer gertatuko den. Baina tira, aspaldian ez dudala nire ontzi espazialan gazteen planetara eraman.

Euskarak politikaren gainetik behar duela aipatu zenuen. Baina nahitaez ez al du hizkuntzak honen eragin zuzena izaten?

Ekuazioa oso sinplea da: hizkuntza bati eusten dio erabilerak. Ez dago beste sekreturik erabilera ez dena. Xaboiaren kontrakoa da, hau da, zenbat eta gehiago erabili hizkuntza orduan era sendoago eta ugariago da. Politikan milaka kanpaina egin dezakezu baina persona bakoitzaren sentsibilitatean eta erabileraren arabera egingo du aurrera hizkuntzak. Horrek azken finean Euskal Herriari gauza inportantea ematen dio eta zentraltasuna da.

Sentsibilitateaz hitz egiten duzula Korrika badator, asmorik bai parte hartzeko?

Nik dagoeneko korri egin dut eta hortaz liberatuta nago. Egin nuen beste egunean nire alabeei segika, eta beraz nahikoa dut horrekin (barre egiten du). Ez dakit...ondo dago euskaren aldeko festa horiek baina zerbait gehaigo beharko da.

Zure hitzaldian ere kritika egitea beharrezkoa dela aditzera eman zenuen. Zer deritzozu Jon Alonsok Euskadi Literatur Sarien inguruan egindakoari?

Kritika egun batean egiten ez da ikasten. Hasi eta bukatu dena erokeria iruditu zait. Kritika behar da baina jakin dezagun kritika egiten.

Azken ñabardura bat. Joseba Irazuk ala Bernardo Atxagak: zeinek irabazi du izendapena?

Diktadura garaian hasi nintzen idazten eta, ondorioz, goitizena ere erabiltzen, baita erromantikoa ere naizelako. Nire obran beti daude dobleak. «Soinujolearen semea»n, azaletik hasita, doblearen figura dago, hala nola aita-osaba, bi lagunak... Agian Argentinako psikiatra baten aurrean eseriko banintz, kontua sakonagoa dela esango luke eta orduan jakingo nuke.

ASTEASU

«Asteasuko herriak izendapen ekitaldian eginikoa izugarri maila handikoa izan zen. Oso ederra izan zen niretzat»

EUSKALTZAINDIA

«Erakunde serio bezala ikustea ona da. Tribializazioaren garaian esparru serioak oasiak dira eta zaindu behar dira»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo