GARA > Idatzia > Euskal Herria

Frogarik aurkeztu ez arren, zigorra eskatu du fiskalak apartheid-a salatzeagatik

Milaka euskaldunek dituzten eskubide urraketa eta apartheid politikoa salatzeko, ekimen baketsu bat egin zuten dozenaka hautetsik Andoaingo udaletxean. Ekintza horregatik epaitu zituzten atzo, eta fiskalak kartzela zigorrak eskatu zituen, frogarik aurkeztu ez zuen arren.

I.B. |

Duela hiru urte, ezker abertzalearen kontrako apartheid politikoa salatzeko dozenaka lagunek ekimen baketsu bat egin zuten Andoaingo udaletxean. Euskal Herriko hainbat herritako hautetsiak ziren denak, beren auzokideen bozak jaso arren, Justizia espainolaren gurariz udaletatik kanpo geratu zirenak.

«No aparheid. Autodeterminazioa» leloa zuten kartelak erakutsiz, 60 hautetsik agerraldia egin zuten Andoaingo bilkura-aretoan, kalean beste 150 lagunen babesa zutela. Milaka eta milaka euskaldunek duten eskubideen urraketa salatu zuten hautetsi abertzaleek, eta 2003ko herri-hauteskundeen ostean eratutako instituzionak «antidemokratikoak» direla nabarmendu zuten.

Atzo, ekimen politiko horretan parte hartzeagatik zortzi lagun epaitu zituzten Donostiako Auzitegian. «Egoitzaren bortxaketa» eta «kalteak» eragitea leporatuta, fiskalak 10 hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorra eskatu du lagun hauentzat, bai eta beste hainbat zigor ekonomiko ere.

Hala ere, eskaera hori argudiatzeko, akusazioaren ordezkariak ez zuen inolako frogarik aurkeztu, eta lekukorik ere ez zuen eraman epaiketara, defentsaren abokatu Jone Goirizelaiak nabarmendu zuenez.

Goirizelaiak gogora ekarri zuen «egoitzaren bortxaketa» delituak eskatzen duela jabearen baimenik gabe edo bortxaz sartzea egoitza batean, eta aippatu zuen horrelakorik ez zela gertatu Andoainen. Azaldu zuen ere fiskalak ez zuela periturik eraman epaiketara, eta ez zuela frogarik aurkeztu ustezko «kalte» horiek egiaztatzeko.

«Ardura politikoa»

Epaitutako hautetsi abertzaleek, bere aldetik, euren ekimenaren xedea azaldu zioten epaimahaiari, eta egindakoaren izaera politikoa nabarmendu zuten.

Azutegiaren kanpoaldean, bitartean, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten epaituei elkartasuna helarazteko.

Hedabideak ere bildu ziren bertan, eta Goirizelaiak adierazpenak egin zizkien epaiketaren balorazioa egiteko. Abokatuak azaldu zuen «egoera erabat antidemokratikoa» salatzeko egin zutela ekimen hori, eta gaitzetsi zuen egoera antidemokratiko hori errepika daitekeela heldu diren hauteskundeetan, Alderdien Legearen eskutik.

Izan ere, azken egunotan PSOE eta PPko hainbat ordezkarik egindako adierazpenak oroitarazi zituen Goirizelaiak, non Alderdien Legeak indarrean jarraitzearen alde agertu baitira bi alderdi hauetako kideak, eta salatu zuen horrek ez duela «ahalbidetzen hauteskundeetan aukera politiko guztiek parte hartu ahal izatea» eta «benetako agertoki demokratiko bat izatea ezinezko» bilakatzen duela. Horregatik, agertoki demokratiko hori lortzeko, «ardura politikoa» eskatu eta Alderdien Legea desagertzeko galdegin zuen.

elkarretaratzeA

«Herritarron hitza eta erabakia errespetatu! No apartheid» leloarekin hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Donostiako Auzitegiaren kanpoaldean auzipetuei babesa emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo