GARA > Idatzia > Ekonomia

Aurtengo salmentak iazkoak baino hobeak izango direla uste dute enpresen %68k

Iazkoa «aparteko urtea" izan zen, eta orduan lortu zituzten salmentak hobetzeko aukerak ikusten dituzte EAEko enpresen %68k. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ganberek eta aurrezki-kutxek egindako inkestaren arabera, batez ere kanpoko salmentak igotzea aurreikusten dute.

GARA |

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek eta aurrezki-kutxek bultzatutako enpresa aukeren gaineko azken inkestaren arabera, EAEko enpresen %68k aurten negozio-zifrak hobetzea espero dute, eta %47k inbertsioak egonkor mantenduko direla uste dute.

Juan Mari Echarri Gipuzkoako Ganberako presidenteak 2007k enpresentzat «perspektiba onak» azaltzen dituela esan zuen, eta Barne-Produktu Gordina BPG «agian» %3,8 «baino apur bat altuagoa» izango dela adierazi zuen atzo.

Aipatutako inkesta Hego Euskal herriko hiru herrialde horietako 1.194 enpresen artean egin dute, 70.559 laguni enplegu ematen dietena.

Carlos Echepare EAEko aurrezki-kutxen presidentearen esanetan, «2006 aparteko urtea izan da, eta 2007 positiboa da garapen ekonomikoan eragin duten oinarrizko aspektu guztietan». «Enpresarien %59k Estatu espainolean dituzten salmentak igoko direla uste dute», nabarmendu zuen.

Batez besteko positiboa

Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresen egoerari dagokionez, «Europar Batasunari eta Espainiari dagokien batez bestekoa baino positiboagoa dela» esan zuen Echarrik. Sektoreei dagokienez, Gainontzeko Zerbitzuak biltzen dituenarentzat perspektibak «bereziki positiboak» direla azaldu zuen, eta neurri txikiagoan Merkataritzarentzat.

EAEko Ganberen arduradunek «industriak egonkortasunaren aldeko apustua egiten» duela nabarmendu zuen, eta Eraikuntzan, aurreikuspenek atzerakada azaltzen dute. Enpresa handien kasuan, negozio-aukera hobeak azaltzen dituztela argitu zuen.

EAEko enpresen %59k aurreikuspen onak dituzte Estatu españolean egin behar dituzten salmenten atalean, eta negozioak gorantza egingo duela azaltzen dute. Bereziki, Zerbitzuak eta Merkataritza sektoretakoek azaltzen dute joera hori.

Esportazioen atalean, munduko ekonomian izan den hobekuntza horien bilakeraren mesederako izango dela argitu zuen. Enpresen %40k aurten kanpoko salmentak hobetuko dituztela uste dutela azaldu zuen, eta txostenak esportazioen sendotasuna ere nabarmentzen duela argitu zuen.

Lan munduari dagokionez, 2006an lortutako «maila ona» mantentzea espero dela esan zuen, eta esportazioen hobekuntzari esker, enpresen heren bat baino gehiagoetan enpleguak sortzea espero dela aipatu zuen.

ERAIKUNTZA

Garapen ekonomikoari Eraikuntzak egiten dion ekarpena aurten txikiagoa izatea espero dute. Hala ere, kanpoko salmentetarako dauden aurreikuspen onak horren konpentsazioa izango direla azaldu dute enpresek.

BILAKAERA ONA

Carlos Echepare EAEko aurrezki-kutxen presidenteak azaldu zuen ekonomia geldotzea espero bazen ere, 2007rako BPG aurreikusten zen %3,8 hori «baino apur bat altuagoa izan daitekeela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo